Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak gaur, bihar eta astelehenean egingo du oinarrizko produktuen bilketa handia, eta herritarrei dei egin die, ekarpena egin dezaten. Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako hainbat saltokiren atarietan jarriko dituzte bilketa puntuak, Azpeitiko Esklabak Zentro Sozialistako biltegia hornitzeko ekimenean.
2020an jarri zuen martxa biltegi hori Kontseilu Sozialistak. Bosgarren urteurrenean, "biltegiaren funtzioak zein diren eta elikagai banku tradizionalekin zertan bereizten diren azpimarratu" nahi izan dute egitasmoare arduradunek. "Kapitalismoaren aurpegi gordinena jasaten duten herritarrei eta familiei laguntzea" da Esklabetako biltegiaren helburua, "irabazi asmorik gabe". "Herritarren ekarpen ekonomikoa, borondatezko lana eta langileen antolakuntza dira proiektu honen ardatzak, eta familien elkarlana du oinarrian, egin beharreko lana eta txandak elkarrekin egiten baitituzte", azaldu dute.
Horrekin batera, "elikagai banku tradizionalen kontraesanak mahaigaineratu" ditu Kontseilu Sozialistak, "bereziki" Espainiako elikagai bakuen federazioan (FESBAL) elkartzen direnena: "Beraien printzipioetan diote akonfesionalak, apolitikoak eta solidarioak direla, baina errealitatetik urrun daude baieztapen horiek, elikagaien %80 erakunde erlijiosoetara bidaltzen baitute; parrokia, komentu eta Opus Dei sektarekin erlazionatutako zentroetara. Zuzendariak eta goi karguak enpresariak eta politikariak dira, Ana Botella kasu".
Elikagai bankuak "euren burua zuritzeko eta etekinak ateratzeko" erabiltzen dituzten enpresak ere kritikatu ditu Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, eta elikagi banku horiek "langile klasearen miseria betikotzen" dutela salatu du: "Karitatearen eta elkartasunaren izenean dihardute, baina klase ertainaren kontzientzia lasaitzen eta langile klasearen miseria betikotzen dute, ez baitute egoera hori aldatzeko borondaterik, ezta interesik ere".