Seigarren poema liburua plazaratu berri du Mikel Ibargurenek (Zestoa, 1967), Haize begitik izenburupean (Susa argitaletxea). 50 testutik gora bildu ditu, eguneroko hurbilenari beha.
Maitasuna, minbizia, lankideak, grebalariak. Askotariko gaien bueltan ardaztu ditu testuak Ibargurenek. Egunerokotasun arrunt eta ustez banal horretan gertatzen diren edozein detaile, keinu eta anekdotatan jarri du arreta: "Poema nahiko okurrenteak dira; neure errealitate hurbil horretan zer gertatzen zaigun, zer gertatzen den, zeri ematen diogun garrantzia...". Amaia Iturbidek zioen zenbaiten bizitza txikia dela, baina ez kaskarra. Ideia horri tiraka sortu du Ibargurenek: "Eguneroko baten itxura ere badu liburuak. Nire errealitate hurbil hori nahi nuen paperera ekarri. Existentzia banala da haria, eta gure gizartean, harremanetan eta gure barruan gertatzen diren angelu hil horiek daude hor: keinuak, anekdotak. Bizitza txiki hori eraman dut liburura".
Bere barrutik abiatzen da Ibarguren sortzerakoan, "beste modu batera egiten ez" dakielako. "Nire ahotsak ez du inor ordezkatzen, baizik eta nirea ahots bat da beste guztien artean", dio. Autosoziobiografikoa da liburua, haren hitzetan: "Argi utzi nahi nuen nondik ari nintzen idazten: nire klase kondizioa zein den adierazi nahi izan dut, eta nire errealitate hurbil horretan sartzen den horri erreparatu diot. Lan mundua agertzen da, itsasertzetako ibilaldiak, gizarte deitzen diogun horri arreta jartzea, entzuten dudana, ikusten dudana, migranteekin dudan lotura...". Haren inguruan ardazten den errealitatea, alegia.
Orain artean, deserriari buruz, absentziari buruz idatzi du gehiago. Haize begitik liburuko poemei buruz galdetuta, Ibargurenek dio ez dela zentzu politiko batean erbesteratua sentitu, nahiz eta "ez dagoen leku horretakoa izateko sentsazioa" izan duen beti: "Hemen nagoenean han nahi izaten dut egon, eta han nagoenean hemen. Badut nolabaiteko deserrotze sentsazio hori nire baitan". Zer baino gehiago, nor den erantzuteko saiakera bat egin nahi izan du. Ziburu (Lapurdi) "adopzioko herritzat" du, bere egin duen arren.
"Beti bezala" hasi zen sortzen poemak Ibarguren. COVID-19ak eragin zuen konfinamenduan izan zen, "bere buruarekin lasaiago" egoten hasi zenean. Poliki-poliki mordoxka bat bildu zuen, eta pentsatu zuenean horiekin guztiekin corpus bat sortzen ari zela, gehiago idazteari ekin zion. Poema zahar haiek berriekin uztartuta osatu du Haize begitik.
Denbora librean egiten du idazten jartzeko tartea, "nahiz eta erraza ez izan". Loari lapurtu behar izaten dizkio orduak: "Etxeratzen naizenean jartzen naiz idazten, edo beste guztiak lo daudenean".
Intimitatearen galera
Bere intimitatean idatzirikoak partekatzeko unea bertigoarekin bizitzen duela aitortu du zestoarrak. "Striptease literario bat balira bezala sentitzen ditut liburu aurkezpenak; intimitatearen galera hori horrela bizi dut. Sentitzen dut jendeak badakiela buruan zer dabilkidan. Gogorra egiten zait, ez nago ohituta plaza publikoan horrela agertzen. Hori da liburua kaleratzearen ifrentzua, baina bestalde, aberasgarria ere bada".
Poemak berarentzako idazten dituela nabarmendu du. "Lanean nagoela, adibidez, orri puska bat hartu eta esaldi bat edo hitz bat idazten dut. Ibiltzen ari naizela ere bai: barrua errotarri bat bezala jartzen zait martxan, eta hitzak, kontzeptuak, esaldiak... xehatzen hasten naiz".
Dena den, izan ditu bidelagunak sortze prozesuan. Idatzirikoari forma bat emandakoan iristen da partekatzeko momentua, eta Jose Luis Otamendi azpeitiarrarengana jotzen du halakotan. "Harremana dut aspaldidanik Otorekin, ondo ulertzen gara, eta beti eskuzabalik hartzen nau. Inguruko inori ez, baina berari bai, bidaltzen dizkiot", esan du Ibargurenek.
Oraindik ere ez du jaso irakurleen iruzkinik, "goiz da horretarako", baina aipatu du gustura geratu dela emaitzarekin. Lander Garroren argazkia erabili du azalean: Ziburuko itsasargi bat ageri da, eta Ibarguren bera irudikatzen du itsasargi horrek, inguruko errealitateari beha. "Liburuaren mamiarentzat azal ona da. Nire talaia horretatik begira nago, oinezko baten moduan, eta hori adierazi nahi izan dugu".