Itsas hondakinen bilketa egingo dute larunbatean Zarautzen eta Zumaian

Juan Luis Romatet 2025eko azaroaren 26a

Kostaldean egindako hondakin bilketaren irudia. (Itsas Zaintza Sarea)

Itsas Zaintza Sareak deituta egingo dute kostaldean pilatutako itsas hondakinen bilketa Gipuzkoako sei puntutan, horien artean Zarauzko hondartzan eta Zumaiako Itzurunen.

Olatuek hondartzetara edo arroketara eramandako itsas hondakinak biltzeko elkartuko dira datorren larunbatean, hilaren 29an, Gipuzkoako sei puntutan. Zarauzko hondartza eta Zumaiako Itzurun hondartza dira aukeratutako lekuetako batzuk. Jarduera goizean egingo dute, 11:00etatik 13:00etara bitartean. 

Itsas Zaintza Sareak deituta egingo dute bilketa datorren zapatuan. Itsasoarekin lotura duten 50 eragile inguruk osatzen dute aipatu sarea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du. Haien esanetan, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak sortutako sare horrek itsasoaren kontserbazioa sustatzeko helburua du, "inplikatutako eragileen ezagutza, ahalegina eta konpromisoa azpimarratuz".

Larunbateko jarduera sareko kideek identifikatutako lekuetan egingo dutela ere iragarri dute, "ingurune naturala garbi mantentzeko eta hondakinek ingurumenean duten eraginari buruzko kontzientzia sortzeko".

Bilketan parte hartzeko asmoa dutenei aurrez izena ematea gomendatzen zaie, itsaszaintzasarea@mater.eus helbidera idatzita edo 619 81 42 25 telefono zenbakira deituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide