Mendi buelta eta baba jana, Sañoan parke eolikoa ez dutela egingo ospatzeko

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 23a

Eusko Jaurlaritzak ingurumen baimena ukatu zion abuztuan Sañoan parke eolikoa egiteko eskaera egin zuten Desarrollos Renovable Iberia enpresari. Ondorioz, ez dute proiektua gauzatuko, eta atzo hori ospatu zuten hainbat lagunek Azoka Plazan. Goizean, berriz, Sañoara ibilaldia egin zuten.

Piaspe proiektu eolikoa atzera bota izana ospatu zuten atzo hainbat lagunek, Sañu Bizirikek antolatuta. Goizean, 09:00etan plazatik abiatuta, Sañoara mendi irteera egin zuten hainbat lagunek, eta gero, Azoka Plazan egin zuten bazkaria. Zehazki, baba jana egin zuten han bildutako dozenaka lagunek, eta jaiari ginga bertsolariek jarri zieten; izan ere, kantuan aritu ziren bazkalostean Oier Etxeberria eta Jon Gurrutxaga.

Joan den abuztuan Eusko Jaurlaritzak ingurumen baimena ukatu zion Statkfrat enpresak Sañoan gauzatu asmo zuen Piaspe proiektuari. Ondorioz, bertan behera geratu zen Norvegiako enpresa horrek Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan eraiki asmo zuen azpiegitura proiektua. Izan ere, ingurumen txosten negatiboa igorri zion erakunde horretako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaritzak eskaera egin zuen Desarrollos Renovables Iberia enpresari.

Sañu Bizirik taldearen aburuz, proiektu eolikoa atzera bota izana proiektuaren kontrako mobilizazioen ondorio izan da. "Badakigu atzera bota bada, gure eskualdean proiektuaren aurka egunez egun egin den lanagatik izan dela. Izan ere, argi adierazi dugu azken hiru urteotan antolatu ditugun hitzaldi, kontzentrazio eta askotariko ekimenetan: ez gaude prest EH Bilduk saldu nahi izan digun trantsizio berdearen iruzurra sinesteko, ezta Sañoa mendiaren suntsiketa onartzeko ere".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide