Azaroak 18 ditu gaur, San Roman eguna da, eta Aiako Altzolan auzotar asko elkartu da goiz-eguerdi partean auzoko elizan. Izan ere, bertan ari dira ospakizun guztiak egiten: meza izan dute aurrena, hamaiketako dotorea gero Elustondo anai-arreben trikiti doinuek alaituta –aurrez kantuan aritu da taldetxo bat– eta bazkaltzeko ere juntadizoa hantxe egingo dute.
Arratsaldean erromeria saioa izango dute, eta eguna amaitzeko, txokolatea eta pintxoak.
Iganderako ere plan bera antolatu dute altzolatarrek: mezarik gabe, zuzenean hamaiketakoa egingo dute, oraingoan Laja eta Lutxurdio trikitilariek girotuta, eta gero bazkaria eta erromeria izango dituzte. Festei bukaera 20:30ean emango diete, orduan ere txokolatea hartuz eta pintxoak janez.