Aginte uztaia, herrietara bueltan

Juan Luis Romatet 2025eko azaroaren 18a

Ezkerretik, Castor Agirrezabalaga, Isaak Ostolaza, Jose Luis Ugartemendia, Roman Sudupe eta Xabier Unanue. (Arnaitz Rubio Aprea)

1979ko apirilaren 3an egin zituzten frankismoaren osteko lehen udal hauteskundeak. Garai gorabeheratsu haietan, oraindik "egin gabeko" udalak aurkitu zituzten alkateek. Haiek hartu dute hitza. Guka Francoren heriotzaren 50. urtemuga dela-eta egiten ari den lanketako bederatzigarren erreportajea da honako hau.

Diktadorea hil eta urte eta erdira egin zituzten demokrazia garaiko lehen udal hauteskundeak, 1979ko apirilaren 3an, hain zuzen. 11 gizon hautatu zituzten orduan Urola Kosta eskualdeko herriak gidatzeko. Aro berri bezain zalantzatia zen, ilusionagarria bezain politikoki gorabeheratsua. Alkate haietatik hiru zendu dira dagoeneko: Zarauzko Imanol Murua, Aiako Isidro Iturain eta Orioko Jose Maria Lizaso. Oraindik ere bizirik dauden agintari ohiak bildu nahi izan ditu Gukak urte haietako oroitzapenak jasotzeko. 

Azaroaren 6an Zestoako plazan jarritako hitzordura bertaratu ziren Roman Sudupe (Azkoitia, 1947), Jose Luis Ugartemendia (Errezil, 1954), Isaac Ostolaza (Getaria, 1946), Xabier Unanue (Zestoa, 1943) eta Castor Agirrezabalaga (Zumaia, 1947). Arrazoi desberdinengatik, ezin izan zuten agertu Azpeitiko alkate ohi Luciano Lazkanok, Aizarnazabalgo Jose Ignacio Peñak eta Beizamako Jose Miguel Mendiak. 

Kilometro apur batzuen bueltan bizi badira ere, urteak zeramatzaten bost alkate ohiek elkar ikusi gabe. "Izango dira 30 urte Xabier ez dudala ikusi; Roman, berriz, 20 bat urte", zioen Agirrezabalaga zumaiarrak. Elkar agurtu eta gero, jubilatuen egoitza ohiko mahaiaren bueltan eseri ziren bostak orduko oroitzapenak partekatzeko. 

Franco hil zen egunean, 1975eko azaroaren 20an, habano bat erre zuela du gogoan Sudupek. "Lanean nengoen, eta sekulako habanoa erre nuen. Ez naiz erretzailea, baina egun hark merezi zuen", dio. Ugartemendia, bostetatik gazteena, soldaduskan harrapatu zuen albisteak. "Caceresen [Espainia] nengoen soldaduska egiten. Gogoan dut tenienteak Franco hil zela esan zigula, eta barrura bidali gintuztela". Agirrezabalagak pozik hartu zuen berria: "Uste dut gizarte osoak pozik hartu zuela albistea. Ikusten zen beherantz zetorrela", iritzi dio. "Klandestinitatean politikan aritu ginenok pentsa zer gogo genuen Franco hilda ikusteko", gaineratu du zorrotz Azkoitiko alkate ohiak.

Agirrezabalagaren arabera, behin Franco hilda, erregimenak jarraituko ote zuen kezka zabaldu zen. "Ez zegoen garbi zer bide hartuko zuten, antzerako zerbaitek segituko ote zuen edo ez". Ugartemendiaren esanetan, "[egoera] aldatuko zenaren esperantza" bazuten. "Militarrak hor egongo ziren zelatan, baina itxaropena bagenuen, herriaren mugimendua hor zegoelako", jarraitu du Sudupek. Unanueren arabera, gizartean eta kultur arloan "mugimendu handia izan zen" Franco hil aurretik, baita ondorengo urteetan ere. Ikastolen sorrera, Urola Erdiko mankomunitatearen bilerak, Ekaingo leize zuloaren aurkikuntza eta urte haietan izandako kultur saio jendetsuak ditu gogoan. "Hemen, Zestoan, Lourdes Iriondok jo izan zuen 60ko hamarkadan, eta jendetza biltzen zen".

Mugimendu haren erakusle, Franco hil ostean Zestoan egindako erreferendum bat ere mahai gainean jarri zuen Unanuek: euskara batua bai ala ez. "Euskara batuaren auzia puri-purian zegoen: h hizkia erabili edo ez". Eztabaida hark familietan eta lagunartean eragina izan zuela dio Zestoako alkate ohiak. "Zestoan erreferenduma egin zen, eta batuaren alde egin zuten gehienek; alde handiarekin gailendu ziren batuaren aldekoak, gainera".

Alkate ohiak elkar agurtzen, Zestoako plazan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Alkatetzarako hautagai

Gizartean eta kultur arloan bakarrik ez, politikan ere mugimenduak izan ziren diktadorea hil eta hurrengo hilabeteetan. "Euskal foruen mendeurrena ospatzeko ekitaldia egin zen 1976an Bergaran [Gipuzkoa], esaterako", dio Unanuek. "Ezkerrean ere hasi ziren mugitzen. Garai berean, Altsasuko Mahaia egin zuten, Herri Batasunaren sorrera ekarri zuena. Bergarako ekitaldiaren egun berean egin zuten, eta handik zuzenean joan ziren ordezkari batzuk Altsasura [Nafarroa]", du gogoan Sudupek. 

1977ko ekainean Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin zituzten. Ordurako legeztatuta zegoen Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ); Herri Batasuna legeztatzeko beste urtebete itxaron behar izan zen. Demokraziaren aroko lehen udal hauteskundeak, aldiz, 1979ko apirilean egin zituzten. Garai gorabeheratsu hartan beren "ekarpena egitera" aurkeztu zirela dio Isaac Ostolazak. "Gu orduan dena ematera atera ginen", berretsi du Sudupek.

Alkategai batzuk, Agirrezabalaga eta Sudupe kasurako, EAJk berak aukeratu zituen. "Ni alderdian edozertarako nengoen", dio azkoitiarrak. Ugartemendiak, berriz, hauteskundeetara aurkezteko beste era bateko bultzada izan zuela azaldu du. "Bazen apaiz bat Urrestillan, Don Jesus Gaztañaga, eta hark bultzatu ninduen; hark esan zidan Errezilgo alkatetzara aurkezteko".

Getarian bestelakoa izan zen egoera, Ostolazak gogoan duenez. "Getarian orduan EAJ bakarrik zegoen, eta gazte kuadrilla bat juntatu ginen hauteskundeetara aurkezteko", dio. 90 bat lagun bildu zirela aipatu du, "fabrika zahar batean". Haren esanetan, "sistema arraro" bat erabili zuten zerrenda osatzeko. "Bozkatu egin behar zen, eta zure izena agertzen bazen, ezin zenuen ezetz esan". Getariako Ezker Abertzaleen Batasuna izeneko plataformarekin aurkeztu ziren udal hauteskunde haietara. "Gure asmoa bi edo hiru zinegotzi ateratzea zen, baina hauteskundeak irabazi genituen". Ezusteko handia izan zela dio. "Ezin genuen sinetsi ere egin, ez guk, ez bigarren egin zuen EAJk".

Ia denentzako, 1979koa lehen esperientzia izan zen hautetsi bezala. Ez, ordea, Unanuerentzat. "Zaharrena izateak abantaila hori du", dio irribarre batekin. Izan ere, alkate bihurtu aurretik, zinegotzia ere izan zen Zestoan. "Franco hil zenerako zinegotzia nintzen. 1974an hauteskunde antzerako batzuk egin zituzten, eta orduan sartu ginen udaletxean", gogoratu du. 

Herriak, egiteko

Getarian eta Aizarnazabalen izan ezik –plataforma independente banak irabazi zuen herri horietan–, eskualdeko beste herri guztietan irabazi zuen EAJk. Alkate bezala udaletxeetako ateak zeharkatzean, "zorrez betetako udalak" aurkitu zituztela diote bost alkate ohiek. "Zorrez beteta, eta dirurik ez ezertarako. Dena egiteko zegoen orduan", dio Ostolazak. "Gogoan dut Getariako ur zikinak zuzenean hondartzara joaten zirela. Lan horiek egiteko zenbat bidaia egin genituen, zenbat diru behar izan genuen...", jarraitu du. 

Zumaiako kasuan, arazo larriena ura, edo hobeto esanda, ur falta zela azpimarratu du Agirrezabalagak. "Apirila edo maiatza heltzen zenean, urik gabe geratzen ginen. Lanetik bueltatzen zenean, jendeak ez zuen urik izaten etxean". Ostolazaren arabera, egungo begiradarekin "ezin da imajinatu" zer gabezia zeuden orduko herrietan. "Desastrea zen. Ez zegoen argirik kaleetan, ez zegoen urik, ez zegoen saneamendurik". Arlo horietan, herri guztietan "lan handia egin behar" izan zela du gogoan Ugartemendiak.

"Niri zenbakiak geratu zaizkit buruan", jarraitu du Sudupek. "Lehen urtean 41.100.000 pezetako aurrekontu ofiziala izan genuen. Kaxoian, berriz, 20.000.000 pezetako fakturak genituen, ordaindu gabe. Egoera horretan, zer egingo genuen?". Udalek zituzten zorrak ordaintzeko plan berezi bat aktibatu zuten Espainiako Estatuan, eta hari esker izan ziren gai zor horiek guztiak kitatzeko. 

Egoera hartan, izan al zuten alkateek kargua utzi eta etxera bueltatzeko tentaziorik? Ezezkoa da denen erantzun irmoa. "Kristoren ilusioa genuen", dio Ostolazak. "Beste garai bat zen, eta gogo handia genuen", berretsi du Ugartemendiak. "Sasoi hartan lana egiteko gogorik ez genuen falta", gaineratu du Sudupek. Ostolazak jarraitu du esanez "sekula ez" zutela izan lagatzeko gogorik; alderantziz: "orduan eta gogorragoak egiten ginen", dio.

Soldatarik ez

Umorerako tartea ere izan da berriketaldian zehar. "Garai hartan kristoren dirutza kobratzen genuen alkate izateagatik... urtean pezeta bat bera ere ez. Kotxeko gastuak ere guk geuk ordaindu behar izaten genituen", gogoratu du Ostolazak. Suduperi "erraztasunak" jartzen zizkioten lanpostuan. "[Enpresa pribatuan] lanean jarraitzen nuen, baina udaletxera nahi nuenean joaten nintzen". 

Ostolazaren arabera, orduko udalak ezin dira egungoekin alderatu. "Orain beste dedikazio bat izaten dute alkateek. Orduan, udalbatzarrak lanetik aterata egin behar izaten genituen, iluntzetan. Gauerdiko hamabiak heldu, eta han segitzen genuen". Errezilgo kasuan, bilkurak "afalondoan" egiten zituztela oroitu du Ugartemendiak. "Oraingo alkateak liberatuak izango dira, baina ez dut uste guk adina denbora pasatuko dutenik udaletxean. Orduak, egunak, pasatzen genituen", azaldu du Sudupek. Egungo hautetsiek "orduko espirituaren hamarren bat izango balute, beste herri bat" izango litzatekeela uste du.

Alkate ohien arabera, 70eko hamarkadaren amaieran, baita 80koaren hasieran ere, beste militantzia bat zegoen. "Herriari buelta ematen hasi ginen, ilusioarekin. Orduan beste indar bat zegoen", nabarmendu du Ugartemendiak. "Nik esan ohi nuen mundua geldiarazi eta beste alderantz begira jartzeko indarra genuela", adierazi du Sudupek. "Superman txiki uzten genuen guk!", dio lagunen barreak eraginez.

Elkarrizketa egin zen lekura bidean. (Arnaitz Rubio Aprea)

Damurik ez

1983an eman zuen dimisioa Unanuek. Hala ere, udalgintzako harra barrenean mantendu zuen. Izan ere, 1991ko eta 1995eko hauteskundeetara aurkeztu zen. "Lehenengoan zinegotzi izan nintzen, eta alkate bigarrengoan". Ostolazak agintaldi bat egin zuen Getariako alkate karguan. Agirrezabalaga hiru agintaldiz izan zen Zumaiako alkate, baina 11. urtean utzi egin behar izan zuen, "bihotzeko bat izan eta gero". Ugartemendiak, bere aldetik, agintaldi bat egin zuen Errezilgo alkate, eta beste bat zinegotzi, baina Beizaman. Sudupek egin du ibilbide luzeena politikagintzan. "Roman profesional bat da", dio umoretsu Unanuek. "Guadiana ibaia bezala ibili naiz ni politikagintzan", erantzun dio azkoitiarrak. Zortzi urtez izan zen Sudupe Azkoitiko alkate, eta, ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundian –diputatu nagusia izan zen 1995etik 2003ra–, Donostiako Udalean edota Eusko Jaurlaritzan ere aritu zen.

Alkatetzarako aurkeztu izanaz ez dira damutu. "Bere garaian agian bai, baina orain ez", argitu du Unanuek. Beren herrietan izandako eraldaketen lekuko ere izan dira. Suduperen arabera, "eraldaketa kristorena izan da". "Herriak askoz ere hobeto daude", iritzi dio Ostolazak. "Oraingo gazteek ikusiko balute gure herriak nolakoak ziren orduan, harrituta geratuko ziratekeen".

Garai gogorren lekuko

Euskal politikagintzaz hitz egiterakoan, indarkeriarena saihestu ezin den gaia da. "Urte gogorrak" izan zirela diote bost alkate ohiek. "Urterik txarrenetakoak" egokitu zitzaizkiola dio Unanuek. Sudupek zera kontatu du: "Alkatetza hartu eta urtebetera, hiru hilabetetan bost hildako izan nituen herrian, ETAk hilda. Seigarren bat ez zuten hil orduan, baina ospitalean bukatu zuen, eta gerora hil zuten, 1984an". Azkoitiko alkate zela, GALek Ramon Oñaederra azkoitiarra ere hil zuen, 1983an, Baionan.

Garai hartako udalbatzarrak zalapartatsuak izaten zirela diote Sudupek zein Unanuek. "Zenbatetan geratu ginen udaletxe barruan, bahituta, atera ezinik. Jesus, Jesus...". Zestoako bilkurak bereziki gorabeheratsuak zirela du gogoan Unanuek. "Zuen herrietan erabateko gehiengoa zenuten, baina guk ez", dio. Gipuzkoako beste hainbat herritakoekin batera –Donostia, Hernani, Errenteria, Arrasate eta Oiartzun–, Zestoako udalbatzarrak eztabaidaz beteak izaten zirela gogoratu du. "Mozioak lehenik Donostian aurkezten zituzten, eta, ondoren, Zestoan. Orduan Jesus Maria Alkain zen Donostiako alkatea, eta hark deitzen zidan esanez mozioa bazetorrela gugana". Garai hartan Iraetan izandako bazkari bat ere aipatu du Sudupek. "Hainbat alkate geunden, eta halako batean Xabierri deitu zioten. Negar batean bueltatu zen, esanez 'ni ez naiz sartu alkate horretarako'".

Bihar gerran desagertutakoak berreskuratzeko lanen inguruko erreportajea kaleratuko du Gukak, Frankismoa: orbainaren mintzoa seriearen barruan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide