Atzo bailarako auzo askotan ospatu zuten San Martin eguna, tartean Aian, Urdaneta auzoan. Eguzki epelaren laguntzarekin, goizetik iluntzera giro ederrean ibili ziren auzotarrak. Meza izan zen aurrena, eta eguerdian, berriz, patata tortilla lehiaketa eta auzotarren arteko herri kirol lehia egin zituzten.
Aterperik ez zuten behar izan hamaiketakoa elkarrekin egiteko, ezta kirol saioaz gozatzeko ere.
Arratsaldean, berriz, Lajak eta Lutxurdiok eskainitako erromerian dantzan ibili ziren ondo ilundu arte.
Asteburu bete-betea zain
Atzokoa egun berezia izan bazen ere, oraindik ez da festa amaitu auzoan, ostiraletik igandera ekitaldi ugari baitituzte prest. Honakoa da egitaraua:
Azaroak 14, ostirala
- 00:00. DJ Bon eta DJ Patx, Ximor tabernan goizaldera arte.
Azaroak 15, larunbata
- 17:30. Sagardo dastaketa.
- 19:30. Xaukena elektrotxaranga.
- 20:00. Txosnan ogitartekoak egongo dira afaltzeko.
- 21:30. Bide Batez erromeri taldea.
- Jarraian, DJ Hidalgo eta DJ Indate, Ximor tabernan goizaldera arte.
Azaroak 16, igandea: Oilasko biltze eguna
- 07:00. Dianarekin oilasko biltzeari hasiera emango zaio: Aritz Hernandez Larrume eta Iban Gorriti Beltza bertsolarekin eta Izer eta Alabier trikitilariekin.
- 11:00. Meza nagusia.
- 14:30. Oilasko biltze bazkaria, Indamendi elkartean.
- 18:00. Herri kirolak.
- Aizkoran: Jakes Iruretagoiena Izeta V eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.
- Harri jasotzen: Hodei Iruretagoiena Izeta IV, Malen Morandeira eta Maddi Gesalaga.
- Jarraian, erromeria Izer eta Alabierrekin.
- Festei amaiera emateko, patata dantza lehiaketa eta traka zaratatsua.
(Argazkiak: utzitakoak)