Urdanetako San Martin jaien barruan, Gipuzkoako lehen mailako ingude eta aizkolari lehiak jokatu zituzten atzo arratsaldean. Ingude altxatzen Unai Goitia, Joseba Pagadizabal eta Ugaitz Orbegozo aritu ziren. Aizkoran, berriz, Nerea Arruti, Oihana Fernandez de Barrena, Laiene Pikabea, Irati Astondoa eta Malen Barrenetxea.
Gizonezkoak lehiatu ziren aurrena, eta Goitiak nagusitasunez irabazi zuen lehia, 88 jasoaldi eginda. Pagadizabalek 20 gutxiago egin zituen, 68 guztira, eta Orbegozok, berriz, 59.
Aizkolarien txanda izan zen gero. Arruti aritu zen bizkorren, lanak 10 minutu eta 39 segundoan amaituta. Aise hartu zien aurrea besteei, bigarren egin zuen Fernandez de Barrenak 11:12 denbora egin baitzuen, hirugarren Pikabeak 13:56 denborarekin, laugarren Astondoak 16:20 denbora eginda, eta azkenik, bosgarren, Barrenetxeak, 16:41 denborarekin.
Bertsolariak eta erromeria
Herri kirol ikuskizunak jende ugari elkartu zuen frontoian, baita ondorengo festa giroko saioek ere: bertsotan aritu ziren Anjel Mari Peñagarikano eta Iker Zubeldia, eta herritarrak dantzan jarri zituzten ondoren Elizagoien ahizpek, erromeria saioarekin.
(Argazkiak: Ibon Errazu)