18:00etan hasi zen Emakumezkoen Euskadiko Kintopeko Harri Jasotze Txapelketa. Bertan, hiru minutuan ahalik altxaldi gehien egin behar zituzten 50 kiloko kubiko eta 50 kiloko zilindro zaharrarekin. Irabazlea, Maddi Gesalaga izan zen, guztira 78 altxaldi egin zituen (47 zilindroa eta 31 kubikoa). Bigarren postua Goizeder Abendibarrek eskuratu zuen 72 jasoaldi egin ondoren (43 zilindroa eta 29 kubikoa), eta hirugarren postua, Olaia Esnaola azpeitiarrak jaso zuen, 71 alditan altxuz (42 zilindroa eta 29 kubikoa). Amaitzeko, laugarren postuan Naroa Arruti gelditu zen, 56 altxaldi eginez (46 zilindroa eta 20 kubikoa).
Hori amaitutakoan hasi zuten Gizonezkoen Euskadiko Harri Txikien Harri Jasotze Txapelketa. Egin beharreko lanak honakoak izan ziren: 100 kiloko bola, 112,5 kiloko kuboa, 125 kiloko zilindroa eta 125 kiloko errektangularra altxa behar zituzten, eta bakoitzarekin hiru minutu izan zituzten. Emakumetan gertatu bezala, gizonetan ere zarauztar bat izan zen irabazlea, Mikel Lopetegi Urra, eta guztira 109 jasoaldi egin zituen (32 laukizuzena, 32 zilindroa, 20 kubikoa eta 25 bola). Bigarren postua Beñat Telleriak eskuratu zuen, guztira 102 altxaldi eginez (27 laukizuzena, 29 zilindroa, 19 kubikoa eta 27 bola), eta hirugarren postua, aldiz, Jon Gisaolak jaso zuen, 92 jasoaldi burutuz (28 laukizuzena, 27 zilindroa, 16 kubikoa eta 21 bola). Laugarren eta bosgarren postuak Oscar Aguas eta Iker Sojorentzat izan ziren. Aguasek, guztira 82 altxaldi egin zituen (24 laukizuzena, 23 zilindroa, 16 kubikoa eta 19 bola) eta Sojok, berriz, 78 altxaldi (21 laukizuzena, 21 zilindroa, 14 kubikoa eta 22 bola). Azkenik, seigarrengo postuan Eneko Bilbao gelditu zen, eta guztira 62 jasoaldi egin zituen (17 laukizuzena, 18 zilindroa, 13 kubikoa eta 14 bola).
Hurrengo txapelketak
Antolatzaileek zehaztu dutenez bihar 2. Mailako Gizonezkoen Aizkora Kanporaketa jokatuko da, Arrietan (Bizkaia). Txapelketa, 12:30ean hasiko da.
Azaroaren 14ean, ordea, Emakumezkoen Trontza Txapelketa jokatuko dute Donezteben (Nafarroa). Parte hartzaileak 18:00etan hasiko dira lehian.