Ostiral iluntzean hasi zituzten San Martin festak Aiako Urdaneta auzoan. Txupinazoa botata, trikipoteoa egin zuten, baita auzo afaria ere, frontoian, eta erromeriarekin eta Indate DJaren musikarekin borobildu zuten eguna.
Atzo arratsalde partean ere izan zen ekitaldirik, mus txapelketa egon baitzen batetik, eta haurrentzako jokoak, bestetik. Txokolate beroa ere eskaini zuten, eta atzoko giroarekin, ondo baino hobeto sartu zitzaien frontoira bertaratu zirenei. Gauean, Ximor tabernan jarraitu zuen festak, goizaldera arte, Boletusrumberus DJaren eskutik.
Gaur, berriz, Jubilatuen Eguna ospatuko dute urdanetarrek. 11:00etan meza nagusiarekin hasiko da eguna, eta 12:00etan, auzotarren arteko helduen pala eta esku pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte. Ondoren, 14:00etan, auzoko adinekoen bazkaria izango da Indamendi elkartean, Angel Mari Peñagarikano eta Iker Zubeldia bertsolariekin eta Elizagoien ahizpa trikitilariekin.
Arratsaldean, berriz, 18:00etatik aurrera herri kirol lehiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek: Gipuzkoako Lehen Mailako emakume aizkolarien txapelketa eta gizonezkoen Ingude Altxatze Txapelketa egingo dituzte. Jarraian, erromeria izango da Elizagoien ahizpa trikitilariekin.
(Argazkiak: utzitakoak)