Atzo goizean egin zuten Beasaingo 40. Odolki Dastatze Lehiaketa Gipuzkoako herrian, eta ezustekorik ez zen egon, hamabigarren urtez jarraian txapela Olano Harategiarentzat izan baitzen, herriko lehiakidearentzat, alegia. Txapela, 300 euro, odolki ikurren garaikurra, Beasaingo Odolkiaren Errege tituluaren diploma, eta Loinazko San Martin egunean plazan banatuko dituzten odolkiak egiteko eta hornitzeko enkargua jaso zituen horrek saritzat.
Haren atzetik, Aiako eta Orioko harategi banak lortu zituzten bigarren eta hirugarren postuak: Aiako Txarri Txikik, eta Orioko Kepa Loidik, hain zuzen. Orioko harategia irabazia da Beasaingo txapelketa bi aldiz, 1995ean eta 2003an, eta atzo bertan, Euskal Herriko 11. Txorizo Egosi Txapelketa ere berak irabazi zuen Azpeitian.
Olano Harategiari 100 puntutik 83 eman zizkion epaimahaiak, eta Txarri Txiki gertu ibili zuen, 81,5 puntu jasota. Kepa Loidik 75,5 puntu eskuratu zituen atzokoan. Laugarren Asteasuko (Gipuzkoa) Jabier Iraola izan da, 75 punturekin. Denera zortzi partaide izan ditu aurten odolki txapelketa entzutetsuak.