Orio Arraunketa Elkarteari emango diote aurtengo Kirol Meritu saria

Aiora Arriola 2025eko azaroaren 8a

Orioko trainerua eta zaleak, Kontxan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Eskualdeko beste hainbat kirolari daude Gipuzkoarren Kirola Herritarren Sarira sailkatuta. Ostegun arratsaldean, 19:00etan, izango da Kirol Gala, Donostian.

Ostegun arratsaldean egingo dute aurtengo Kirol Gala, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, eta ekitaldi horretan, Orio Arraunketa Elkarteari Kirol Meritu saria emango diote aurten egindako denboraldiagatik. Izan ere, gizonezkoen traineru nagusiak Eusko Label ligako eta Kontxako Bandera irabazi ditu, eta emakumeen traineruak Euskotren ligan nahiz Kontxako Banderan hirugarren postua lortu dute. Orio B taldea, berriz, KAE2 ligan txapeldun izan da, eta arraun eskolakoek inoizko urrezko domina gehien irabazi dituzte Espainiako Txapelketan. 

Horrez gain, eskualdeko beste hainbat kirolari daude Gipuzkoarren Kirola Herritarren Sarira sailkatuta: Aritz Aranburu, Adur Amatriain, Nadia Erostarbe eta Janire Gonzalez surflariak; Alex Txikon mendizalea; Alba Menendez eskubaloi jokalaria; Malen Monasterio halterofiloa; eta Jose Ignacio Saizar Luxarbe harri jasotzailea eta herri kiroletako epailea.

Kirol Gala ostegun arratsaldean izango da, 19:00etan, Donostiako Tabakaleran.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide