Aldaketa izango da Telmo Deun arraun elkarteko lehendakaritzan

Juan Luis Romatet 2025eko azaroaren 3a

Eñaut Larrañaga. (Juan Luis Romatet)

Azken urtean klubeko presidente izan den Iñaki Aristik kargua uztea erabaki du, eta haren ordez Eñaut Larrañaga azkoitiarrak hartuko du lekukoa. Entitatearen antolaketa egituran egitekoak diren mugimenduen barruan kokatu du elkarteak aldaketa hori. 

Aldaketak izango dira Telmo Deun arraun elkarteko egituran. Pasa den ostiralean, WhatsApp mezularitza aplikazioaren bidez elkarteko bazkideei bidalitako komunikatu batean adierazitakoaren arabera, azken urtean klubeko presidente izan den Iñaki Aristik kargua utziko du, eta, trantsizio aldian, Eñaut Larrañaga arraunlari eta, egun, zuzendaritza batzordeko kideak hartuko du bere lekukoa. Mugimendu horiek elkarte barruan egingo duten berregituraketaren barruan sartzen direla ere eman dute jakitera. 

Iazko denboraldiaren ostean hartu zuten arraunlariek beraiek Zumaiako arraun elkartearen kudeaketa, eta ordutik, behin bazkideen batzarraren onespena jaso eta gero, Iñaki Aristi izan da klubeko presidente. Komunikatuan jasotzen denez, Aristik kargua utziko badu ere, elkarteko zuzendaritza batzordearen egunerokoaren parte izaten jarraituko du.

Aldaketa horrek "trantsizio ordenatua" ekarriko duela ere azpimarratu du arraun elkarteak, eta trantsizio aldi horretan Eñaut Larrañaga azkoitiarrak hartuko duela Aristiren lekukoa. Arraunlaria da Larrañaga, eta iaztik klubeko zuzendaritza batzordeko kidea ere bada.

Mugimendu horiek klubaren barne egituran egitekoak diren berregituraketaren barruan kokatzen direla ere azaldu dute. Aldaketa horiek "gure klubaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta hazkundea sustatzeko" funtsezkoa direla ere azpimarratu dute. Berrantolaketa horrekin, klubaren arlo ezberdinetan "eraginkortasun handiagoa" izatea bilatzen dutela azaldu dute, "gure kirol erakundearen egungo beharretara egokituz".

Bazkideek igorritako oharrean diotenez, datozen asteetan emango diete bazkideei zuzendaritza batzordearen konfigurazioaren berri, "zehatz mehatz". Amaitu du esanez berrantolaketa horren bidez, "erakundearen egonkortasuna eta kirol zein gizarte jarduera guztien funtzionamendu egokia" bermatu nahi dutela. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide