2012ko otsailean 18tik elkarren aurka jokatu gabe zeuden Zumaiako eta Zarauzko gizonezkoen talde nagusiak ligako txapelketan. Orduan Zarautzek 26-17 irabazi zuen, Aritzbatalden. Orduz geroztik, Amenabar Zarautzek gorako bidea egin zuen eta Pulpok, berriz, behera. Aurten, baina, berriro Lehen Nazional mailan egin dute topo, eta derbia berritzeko gogoa zegoen.
Gaur egun bi taldeen artean dagoen aldeari erreparatuta, erronkari ondo erantzun dio Labarra Pulpok. Zarautzek sei-zazpi goleko aldea zabaldu du lehen zatiaren erdialdean eta norgehiagoka azkarregi hausteko arriskua ere bazegoen. Baina une zailenetako kasta atera dute zumaiarrek eta asko gerturatu dira markagailuan atsedenaldirako (15-18), besteak beste, Ballesteros atezainaren geldiketei esker.
Baina zarauztarren atezain Paulo Ostolaza ez da atzean gelditu, eta bigarren zatian arnasa eman die taldekideei. Pulpok ez du atezainaren aurrean asmatu, eta pixkanaka nagusitu egin da Zarautzen kalitatea. Zortzi goleko aldea lortu du Amenabarrek eta hortxe amaitu da derbia.
Amenabarrek sendo segitzen du multzoko lidertzan, partida guztiak irabazita; Labarra Pulpok, berriz, partida garrantzitsua du datorren jardunaldian, igo berri den Usurbilen kontra. Gaur 32-19 irabazi diote usurbildarrek Anaitasunari. Onena eman beharko du Pulpok, beste behin.