Zortzi urteko ibilbide "oparoaren" ondoren, Marea Urdinak atseden hartzea erabaki du

Ane Olaizola 2025eko urriaren 31

Marea Urdinako hainbat ordezkari. (Marea Urdina)

Ibilbidean egindako lanarekin "gustura", geldialdi bat egiteko garaia heldu dela azaldu du elkarteak. "Nekatu egin gara, eta elkarteak beste bultzada bat behar du aurrera jarraitzeko". 

Marea Urdina elkarteak ohar bidez jakinarazi du gaur atseden hartzea erabaki zuela, zortzi urteko "ibilbide oparoa" eginda. "Geldialdi bat" egiteko garaia dela azaldu dute zuzendaritzako ordezkariek, arrazoituta "nekatu" egin direla eta elkarteak "beste bultzada bat" behar duela aurrera jarraitzeko. "Urtez urte saiatu gara kudeaketan eta ekimenetan parte hartuko zuten laguntzaile berriak erakartzen, baina ez da posible izan". Haien arabera, uneotan ez dira gai sentitzen jasotzen dituzten eskaerei "behar bezala" erantzuteko, eta horregatik "stand by" egoerara igarotzea erabaki dute. 

Hori horrela, elkarteak ez dio erronka berriei helduko aurrerantzean, ezta egitasmorik antolatuko ere, baina martxan jarraituko du oinarri administratibo eta sinbolikoan: hau da, martxan dauden proiektu estrategikoen ibilbidean lagunduko du, eta sortuak dituzten materialak zein baliabideak herritarren eskura egongo dira, eta horien kudeaketa bermatuko dute. 

Gustura eta esker oneko

Atzera begiratuta, "gustura" sentitzen dira egindako bidearekin, uste dutelako erakundeetan zein elkarteetan "neurri batean" eragitea lortu dutela aniztasun funtzionalaren arloan: "Olatu txiki bat abian jarri genuen, eta gure neurrira bada ere, hainbat bazterretara iritsi dela sinesten dugu". Marea Urdinak gogoratu du "ezin konta ahala" ekintza, jardunaldi nahiz esku hartze egin dituela azken urteetan, eta saiatu direla "ilusio handiz" haiengana jo duten orori erantzun bat ematen: "Egin izan zaigun ohiko galdera beti bera izan da: "Zer egin dezaket?" Eta gure erantzuna, halaber, etengabea: "Zer dakizu egiten?" Horixe izan da gure bidea: bakoitzaren jakintza, grina eta ahalmenetik abiatuta, elkarren artean olatu urdina indartzea", azaldu dute. Bide horretan lagundu dieten guztiei eskerrak eman dizkiete "bihotzez", jakitun haien "babesik zein ilusiorik gabe ezinezkoa" litzatekeela  Marea Urdinaren olatua. 

Elkarteak argi utzi du ez dela desagertu; "atseden hartzen" ari dela, eta ateak irekita utzi dizkio etorkizunari: "Agian, etorkizunean, berriz altxatuko da". Bide horretan, norbaitek "olatuari berriz bultzada" eman nahiko balio, elkarteko orain arteko ordezkarien "laguntza eta prestutasun osoa" izango dituela azpimarratu dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide