Xabier Euzkitze: "Herren egiten ari gara haurren kontzientziaren transmisioan"

Intza Trula 2025ko urr. 31a, 09:30

Xabier Euzkitze kazetaria eta euskaltzalea. (Intza Trula)

Euskaraz ganoraz ikastaroa antolatu du Zarauzko Udalak azaroaren 4, 11 eta 25erako. Xabier Euzkitze (Azpeitia, 1966) kazetariak eta euskaltzaleak gidatuko du, eta asmoa "elkar aberastea" izango da.

Euskara hobeto erabiltzen ikasteko ikastaroa iragarri duzue. Zein da hizkuntzaren egungo egoera Zarautzen?
24 urte pasatxo daramatzat Zarautzen bizitzen, eta denbora honetan sentipen ezberdinak izan ditut. Batzuetan iruditzen zait erdara gehiago entzuten dudala kalean, eta beste batzuetan, aldiz, elkarrizketa denak euskaraz izan direla. Egun horietan pozaren pozez itzultzen naiz etxera, noski. Eskolez inguratuta bizi naiz, eta, oro har, euskara asko entzuten da oraindik ere gaztetxoen artean. Egia da, baita ere, bost laguneko talde batean bakar batek erdarara jotzen badu, taldearen dinamika guztia aldatzen duela. Zerk eragiten duen erdararako joera hori? Bada, ohiturak, jatorriak, gurasoek zein hizkuntzatan hitz egiten duten...

Erabilerari dagokionez, ba al da alderik gazteen eta helduen artean?
Helduen eta gazteen artean sumatzen dudan ezberdintasun handiena hitanoaren erabileran dago. Zarautzen oraindik ere gazte askok erabiltzen dute hika, baina mutilek soilik egiten dute, eta neskengana zuzentzerakoan ere hika egiten diete, noka egin beharrean. Adinekoengana jo behar dugu noka entzuteko, alegia. Gazteei dagokienez, beste euskara mota bat hitz egiten dutela esango nuke, gehiago ñabartua, eta, hein handi batean, baldintzatua. Izan ere, euskaraz fikzio oso gutxi heltzen zaie egun, garai batekin alderatuta. Gazteak Netflix eta Youtube bezalako plataformetatik elikatzen dira gehienbat, eta horietan hizkuntza ofiziala gaztelera da.

Eta haurrei, nola ari zaie transmititzen euskara erabiltzearen garrantzia?
Haurrengan galera handiagoa sumatzen dut. Transmisioari dagokionez, orokorrean gabeziak ditugula uste dut, baina, batez ere, iruditzen zait herren handia egiten ari garela haurren kontzientziaren transmisioan. Gu umeak ginenean eskolan jasotzen genuen kontzientzia oso-oso handia zen. Egia da Francoren diktadura garaiaz hitz egiten ari naizela, eta garai hartan gure ikastola erdi klandestinoa zela. Hizkuntzari dagokionez, horrek asko markatu gintuen. Orain, ordea, ikastolak legeztatuta daude, eta euskarari lotutako gauzak normalizatuta daude; bai telebista, bai prentsa, bai hezkuntza... Kontzientziaren transmisioan huts egiten badugu, erosotasunaren menpe geratuko da.

Zer helburu izango du ikastaroak?
Zarautzen oraindik ere asko hitz egiten da euskaraz: 20.000 biztanletik gorako herrietan Euskal Herri osoan euskaraz gehien egiten den herria da, hain zuzen. Ikastarora bertaratzen direnekin landu nahi dudana da ea nolako euskara hitz egiten den hemen, ea zein diren gure akats ohikoenak... Elkar aberastea da nire asmoa, batak bestearengandik ikastea, alegia.

Nori zuzenduta daude saiook?
Herritar guztientzat zabalik dago ikastaroa, baina, noski, euskararekiko kontzientzia apur bat dutenak animatuko nituzke etortzera. Egunerokotasunean ditugun zalantzak argitu nahi dituztenak, beraien euskara aberasteko irrika dutenak, akatsak konpondu nahi dituztenak... denak dira ongietorriak.

Hiru saioko ikastaroa izango da, zer dinamika jarraituko duzue?
Ez gara inola ere gramatikaren eta arauen putzu zurrun horretan sartuko. Zerbait arina izan dadin nahi dut, eta herritar ororentzat azalpen ulergarriak eman nahi ditut. Jolasen eta abestien bitartez ere landuko ditugu zenbait kontu. Saio bakoitzaren azken zatia, berriz, hitanoari eskainiko diogu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide