Gau Beltza eta Azaroaren 1a

Bizitzaren trena eta doluaren bidea

Jokin Beristain 2025ko urr. 29a, 10:00

Jokin Beristainek Gukak azaroaren 1a dela-eta kaleratu duen egunkari berezirako idatzitako edukia da honako hau.

Askotan irudikatu izan dut bizitza tren bidaia baten moduan. Tren luze bat, bagoiz bagoi, geltokiz geltoki, paisaia eta bizipen berriak zabaltzen diren bidaia bat. Bidaia sinboliko horretan, bagoi bakoitzak gure bizitzako etapa bat irudikatzen du, bakoitza bere esperientzia, erronka eta ikasketa propioekin. Pertsona asko sartzen dira gure bihotzeko bagoian eta beste asko jaisten dira, eta inoiz ez dakigu nortzuk geldituko diren amaierara arte.

Bagoitik jaitsi den pertsona bakoitzak arrasto bat utzi du nire bihotzean. Batzuen arrastoak epelki goxatzen dit bihotza, beste batzuenak oraindik min egiten dit... baina guztiek dute beren lekua nire bihotzean.

Maite izan ditudan pertsona batzuk –edo hobeto esanda, nahiz eta gure artean ez dauden oraindik maite ditudanak– bagoitik jaistean zenbat aldiz gelditu izan naizen dagoeneko pasatu diren lehenaldiko bagoietan trabaturik... Dagoeneko jaitsi diren pertsona horiekin etorkizun bat irudikatzeari agur esan ordez, gertatu den egiarekin borrokan. Etapa bat amaitu dela onartu ordez, patuari pultsu bat eutsi eta haren gainetik jarri nahian.

Doluak irakasten digu bizitzaren trenean ez garela gidari, bidaiari baizik

Dolu prozesuen garairik gordinenetan, nire bakardadean edo nire isiltasunean egotea gehiegizkoa izan zaidan garai horietan, zein beharrezkoak izan zareten nire minarekin nengoen bitartean hor bertan nire ondoan bidelagun izan zareten pertsonak. Zuekin egote hutsak, barne egonezin jasangaitza edabe miragarri batek ukitua izan balitz bezalaxe, eramangarri bihurtu du.

Eta urtaro berri bat jaiotzen den moduan, isiltasunean egotea mingarri izatetik goxoa eta beharrezkoa izatera pasatzen denean, barne jakinduriaren ahots leuna entzuten hasten da. Ez du hitz egiten, baina badakit zer esaten didan. Isiltasunaren magaletik jaiotzen den jakinduria horrek gidatzen nau ulertzera zein diren prozesuaren hurrengo pausoak, zer den benetan behar dudana, zeintzuk diren pauso bakoitzaren erritmoak eta minak dakarren transformazio ahalmena, bizi esperientzia honetatik nire bertsio sakonago, helduago eta kontzienteago batera eraldaturik ateratzeko. Hau ote dolu prozesua bizitzearen oparia?

Azken geltokia hori da: onartzea maitasunak ez duela heriotzaren mugarik

Doluak irakasten digu bizitzaren trenean ez garela gidari, baizik eta bidaiari. Eta bidaia honetan, bakoitzak bere lekua du: joandakoek, gelditu garenok eta oraindik igoko diren guztiek. Eta, agian, doluaren azken geltokia hori da: onartzea maitasunak ez duela heriotzaren mugarik.

Nire bihotzeko bagoitik jaitsi diren pertsona guztiak dira garrantzitsuak, baina honako iritzi artikulu hau idaztean atera zaizkidan malkoek zuen usaina dute, Garbiñe eta ama. Izan ere, zuek joan zarete, baina tren horrek zuen usaina darama oraindik. Eskerrik asko nirekin elkarbanatu duzuen guztiagatik, opari bat bezala hartu dut zuek nire bizitzako bagoietan topatu izana.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide