Gaur-gaurkoz ez dute dermatosi nodularrarekin kutsatutako abererik atzeman Euskal Herrian, baina erakundeek prebentzio neurriak hartu dituzte. Kutsatzeak saihesteko helburuz, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak abere azokak debekatu dituzte, baita animaliekin egiten diren zenbait ekitaldi ere.
Azaroaren 30era arte izango da indarrean debekua, San Andres egunera arte, zehazki, eta beraz, ikuskizun dago egun horretan batean eta bestean egiten diren abere azokak gauzatu ahal izango al dituzten; tartean, Azkoitikoa. Dena den, eskualdean dagoeneko utzi dituzte bertan behera hitzordu batzuk. Horietako bat da, esaterako, azaroaren 3an eta 4an Aian egitekoak ziren Kintopeko XXXI. Idi Txapelketa.
Dermatosi nodularra intsektuek transmititutako gaixotasun biriko bat da, eta behiei eragiten die. Handia da gaitzak duen eragina; izan ere, ukuiluko behi bakarra gaixotzen bada ere, denak akabatu beharra dago, hala agintzen duelako Europako araudiak. Frantzian dagoeneko agertu dira kutsatutako animaliak, 85 kasutik gora atzeman dituzte, eta ondorioz, debekatu egin dute behiak Frantziako lurretatik ateratzea. Halaber, Kataluniara ere iritsi da gaitza; hogei bat kasu atzeman dituzte eta 2.000 bat behi hil.