Anne San Roman: "PFAS substantziak urteetan egon daitezke gure gorputzean"

Nerea Uranga 2025ko urr. 24a, 09:15

Anne San Roman, lantokian. (Utzitakoa)

EHUren eta Jaurlaritzaren Osasun sailaren INMA proiektuaren barruan, PFAS substantziek haurren odolean duten presentzia ikertu du kimikariak; tartean, Azkoitiko eta Azpeitiko hainbat haur daude.

Kimika ikasketak eta Kutsadura eta Toxikologia masterra ditu eginda EHUn Anne San Romanek (Barakaldo, Bizkaia, 1997). Gaur egun, doktoretza tesia egiten ari da EHUk BioGipuzkoarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailarekin elkarlanean duen INMA proiektuaren barruan. Ikerketa lan horretan, 2011tik 2022ra 315 haurren jarraipena egin dute, eta adin txikiko horien odolean PFAS substantzia kimikoak aurkitu dituzte.

INMA proiektua 2006an abiatu zuten Espainiako Estatuko hainbat ikerketa taldek. Horietako ikerlari talde bat Urolan (Azkoitian eta Azpeitian) nahiz Goierrin ari da ikertzen. Ingurumen kutsatzaileek haurren garapenean duten eragina aztertzea da INMAren helburua.

San Roman proiektu horren barruan ari da egiten doktoretza tesia –abenduan aurkeztuko du–, eta ikerketaren emaitza eta ondorio batzuk jakinarazi ditu. Ikerketan 4, 8 eta 14 urteko haurren plasmak aztertu dituzte; horietatik 39 Azkoitikoak eta 27 Azpeitikoak izan dira.

PFAS substantzia kimikoak aurkitu dituzue adin txikikoen odolean. Zer dira PFAS substantziak?

Substantzia perfluoroalkilatuak eta polifluoroalkilatuak dira. Hau da, atomo ugarirekin osatutako konposatuak dira, eta beren egitura kimikoagatik propietate oso bereziak dituzte; esaterako, ura eta olioa kanporatzeko gaitasuna dute, baita egonkortasun termikoa ere. Era berean, egitura berezi horrek eragiten du PFASak oso egonkorrak izatea, ia degradaezinak bihurtuz eta urte askoan ingurumenean metatzea erraztuz.

Substantzia kimiko horiek nola iristen dira gizakien odolera?

1950eko hamarkadan hasi ziren erabiltzen PFASak dituzten propietateengatik: zartagin itsasgaitzetan, suteak itzaltzeko aparretan, kosmetikoetan, mendiko arropetan eta oinetakoetan, bestelako jantzietan, ur-hodien junturetan... Horrek PFASekiko esposizioa kronikoa izatea eragin du, eta ingurumenera isurtzea, han hainbat urtez metatuz. Substantzia horiek behin ingurunean ditugunean, dietaren, airearen eta uraren bidez hartzen ditugu, gure odolean metatuz.

Zer eragin dezake substantzia hauek odolean izateak?

Ez dira beste kutsatzaile batzuk bezalakoak, txizaren bidez-edo nahiko azkar kanporatzen ditugunak. PFASak urteetan egon daitezke gure gorputzean; esaterako, substantzia batzuk hamabost urtez. Konposatu horiek disruptore endokrino moduan identifikatu dira, gure sistema hormonalean eragina izan dezaketelako. Beraz, substantziak zenbat eta denbora luzeagoan izan gure gorputzean, aldaketa posible gehiago eragin ditzakete.

315 adingaberen plasmarekin egindako analisietan, aztertutako 42 konposatuetatik hemezortzi aurkitu dituzue, eta "ohikoenen artean, %70 eta %97 arteko tasak" atzeman dituzue. Zeren arabera esan daiteke odolean PFAS kopurua handia ala txikia dela?

Hori esatea zaila da, ez dakigulako berez populazioaren PFAS maila zenbatekoa den; alegia, konposatu hauen maila handia ala txikia den sailkatzea zaila da, ez dakigulako maila normala zein den. Guztiok dauzkagu inguruan konposatu hauek, ez bakarrik ikertu ditugun Urolako eta Goierriko ume horiek. Mailaketa egiteko, lehenik eta behin jakin beharko genuke zenbatekoak diren gure maila basalak edo normalak, eta gero, populazioen artean konparatu beharko genituzke zenbateko horiek. Horregatik biomonitorizazio ikerketa hauek oso garrantzitsuak dira, datuak izateko eta beste populazio batzuen datuekin konparaketak egin ahal izateko. Era horretan, ikusteko aukera izango genuke kopuruak beren artean antzekoak diren ala ez, edota urte batetik bestera maila igo den ala ez. Dena den, EFSAk (Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritza) argitaratuta du zenbait PFASentzako muga, maila horretatik gora arriskua handitu egin daitekeelako. Muga horiek baina konposatu gutxi batzuenak dira, eta PFAS familia milaka konposatuz osatuta dago. Beraz, informazioa badaukagu, baina ez da asko.

Ikerketak egitearen garrantzia nabarmendu duzu. INMA proiektuaz zer esango zenuke?

INMA proiektua garrantzitsua da, besteak beste, ikusteko PFAS bezalako kutsatzaileek garapenean eragin dezaketen kaltea. Adibidez, PFAS konposatuak bai haurdunaldian eta bai edoskitzaroan transmititu daitezke, plazenta zeharkatu dezaketelako edota edoskitzean amarengandik umearengana igaro daitezkeelako. INMA proiektuak badu berezitasun hori; izan ere, ametan PFAS mailak ditugu neurtuta, eta gero ama horien umeen odola aztertu dugu, hain justu, haur horiek 4, 8 eta 14 urte dituztenean. Modu horretara ikusi ahal izan dugu amengandik umeetara transmititu den PFAS proportzioa zenbatekoa izan den, baita substantzien kopuruak adin batetik bestera igo diren ala ez ere. 

Adibide gisa, ikerketan azaleratutako berezitasunik aipatzerik bai?

Adibidez, haurrek 4 urterekin plasman konposatuen maila handiagoa zuten 14 urterekin baino. Diluzio efektuagatik gertatzen da hori; gorputza handitzen doan heinean, kutsatzaileen mailak txikitzen joaten dira. Aurrez esan bezala, PFASak milaka konposatuk osatzen dituzte, eta gutxi batzuk –historian zehar presentzia handiena izan dutenak– araututa daude, eta ikusi dugu 4 urteko haurren odolean konposatu gutxi horien presentzia oso handia dela, baina helduagoak egiten direnean neurria gutxitzen doala. Kontrara, PFAS berriak sintetizatzen joan da industria, eta 14 urtekoen laginetan, konposatu berri horien presentzia pixka bat handitu egin da. Alegia, 14 urtekoetan, kate laburreko substantzien edota PFAS sortuberrien presentzia pixka bat handitzen dela antzeman dugu.

Zuek egindako ikerketa zergatik da garrantzitsua?

Nahiz eta gure ikerketa oso lokala izan, Euskadiri bere tokia ematen dio, azterketa hau gero Europan ikusiko dutelako. Mota honetako ikerketak finantzatzea oso garrantzitsua da, datuak edukitzeko eta legearen edota araudien aurretik egoteko. Azken finean, ingurumeneko kutsatzaileak ere ingurumena dira. One health (osasun bakarra) kontzeptua nabarmenduko nuke, ingurumenak eta guk elkarri eragiten diogu; alegia, gizakien eta animalien osasuna elkarren mendeko dira, eta bi horiek ekosistemekin lotuta daude.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide