Azaroaren 15ean Euskal Selekzioak eta Palestinak Bilboko San Mames zelaian jokatuko duten futbol partidara joateko autobusak antolatu dituzte Aizarnazabalen, Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian. 20:30ean hasiko da neurketa solidarioa.
Bultzada Txuri Urdinak partidarako sarrera, autobuserako txartela eta kamiseta batera jarri ditu salgai, 60 euroren truke, Gipuzkoako hainbat herritan, horien artean, Azpeitian eta Zumaian. Azpeitian, Haginpe tabernan erosi ahal izango da Euskal Selekzioa-Palestina partidarako pack-a, eta Zumaian, Metro nahiz Nikol tabernetan. Realeko zale talde horrek oraindik ez ditu zehaztu autobusen ordutegiak.
Zarautzen, aldiz, 10:30ean abiatuko da Danda gazte asanbladak antolatutako autobusa, Sanz Eneatik. Tiketak eskuratzeko, Instagrameko @danda.zarautz helbidera idatzi beharko dute herritarrek. Salneurriaren nahiz itzulerako orduaren inguruko argibideak beranduago emango dituztela jakinarazi du Dandak.
Aizarnazabaldik ere autobusa antolatu du herritar talde batek. Tiketak Uztarri tabernan daude salgai, eta prezioa izena emango duten pertsonen kopuruaren araberakoa izango da. Zentzu horretan, tiketak ez daitezen garestiegiak izan, antolatzaileek ohartarazi dute gutxienez 30 laguneko taldea osatzen ez bada bertan behera utziko dutela autobus zerbitzua. Bilbora joateko autobusa 15:00etan abiatuko da Aizarnazabaldik, eta 23:00etan jarri dute itzultzeko ordua.
Lagunarteko partida ikusteko sarrerak gaur, osteguna, jarri dituzte salgai Euskadiko Futbol Federazioaren webgunean. Sarrera merkeenak 20,50 eurotan salduko dituzte, eta garestienak 31,50 eurotan. Irabazi guztiak Palestinaren alde aritzen diren erakundeentzat izango dira. Egun berean, Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestina plataformek mobilizazioa deitu dute, Herri Libreak. Euskal Herria-Palestina. Genozidioa Stop lelopean. Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Arriaga plazatik, eta San Mameseko Zabaldegian amaituko da.