Urola Kostan ehunka herritarrek bat egin dute Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko eta enpresek eta erakundeek harekin dituzten harremanak eteteko eskatzeko gaur goizerako deituta zeuden lanuzteekin; alegia, LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiru sindikatuen hiru orduko lanuztearekin eta ELAren lau ordukoarekin.
Zenbait langilek euren lantokien atarian egin dituzte elkarretaratzeak; besteak beste, Aizarnazabalgo Obe Hettichekoek; Azkoitiko Sammicekoek, Ormolakoek eta Gohitakoek; Azpeitiko Glualekoek, San Martin egoitzakoek, Astigarraga Kit Linekoek, Corrugados Lasaokoek, Bielekoek eta udal langileek; Getariako Indauxekoek; Zarauzko Gureakekoek eta KSB Iturrekoek; Zestoako Basatxerrikoek, Bakunekoek, San Juan egoitzakoek, Bainuetxekoek eta Goialdekoek; eta Zumaiako udal langileek eta GKNkoek.
Horiez gain, Azpeitian elkarretaratze jendetsua egin dute Sanjuandegiko biribilgunean Elkar-ekinek deituta, eskualdeko jendetsuena hain zuzen; eta Azpeitiko eta Zarauzko udaletxe aurreetan beste mobilizazio bana ere egin dute ELAk antolatuta.
Arratsaldean gehiago
Arratsaldean ere lanuzteak egingo dituzte hainbat enpresetan, eta mobilizazio gehiago ere izango dira eskualdean barrena. Gernika-Palestina herri ekimenak 19:30erako jarri ditu hitzorduak herrietako plazetan, udaletxeen atarietan. Burrunbarako deia egin du eragile horrek, eta beraz, herritarrei zarata ateratzeko deia egin die. Herri ekimenarekin bat eginez, eskualdeko hainbat herritan egin dituzte deialdiak, hala nola Azkoitian, Azpeitian, Zestoan, Zumaian, Getarian, Zarautzen eta Orion.
Bestalde, Palestinarekin Elkartasunak Donostian deitu du mobilizazioa, eta protesta horretara batzeko deia egin dute hura osatzen duten plataformek. 18:00etan egingo dute protesta, Pio XII plazan, Israelen konplizeak seinalatu. Palestinaren alde, dena gelditu dezagun lelopean. Deitzaileek azaldu dutenez, Palestinaren erabateko deskolonizazioaren alde eta Israelgo entitate genozidaren kontra mobilizatuko dira, "kolonizazioaren kontrako borroka ez baita bukatu".
(Argazkiak: Nerea Uranga, Aritz Mutiozabal eta LAB)