Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoek Txapas omenduko dute igandeko emanaldietan

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 14a, 08:00

'Ostirala iritsi da!' ikuskizunaren une bat.

Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoek emanaldi bikoitza eskainiko dute igandean Azpeitiko Soreasu antzokian, eta horrekin, azkenengoz aurkeztuko dute azken hilabeteetan herriz herri zabaldu duten Ostirala iritsi da! ikuskizuna. Biraren amaiera aprobetxatuta, Josu Txapartegi Txapas Zarauzko trikitilariari omenaldi txiki bat eskainiko diote.

Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoek Ostirala iritsi da! ikuskizunaren bi emanaldi eskainiko dituzte igandean Azpeitiko Soreasu antzokian. 16:00etan hasiko dute lehenengo saioa, eta 18:00etan bigarrena. Azken hilabeteetan pailazoek herriz herri aurkeztu dute ikuskizun hori bera, eta bidean Oihana Sanchezek gorpuztu duen Josu Txapartegi Txapas Zarauzko musikariaren pertsonaia izan dute lagun. Igandeko emanaldiekin amaituko dute espektakuluaren bira, eta zarauztarrari aitortza txiki bat egiteko aprobetxatuko dute aukera. Emanaldietarako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eskuratu daitezke.

Ostirala iritsi da! ikuskizunean irakaslea da Txapas, eta bere azkenengo lanegunean bidelagun izango ditu Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore. Elkarrekin ikasitakoa ospatuko dute, eta jolasak, eskulanak, kantuak, irriak eta bihurrikeriak ez dira faltako. Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek azaldu duenez, "iIkuskizunak, oinarrian, norberak bere gorputza ezagutzeko eta maitatzeko filosofia du", eta hezkidetza, sorkuntza nahiz naturarekiko harremana izango ditu hizpide. 

Emanaldien ostean, Txapas oholtzara igoko da Ostirala iritsi da! abestia eskusoinuarekin jotzera, eta pailazoek prestatu dioten oparia jasoko du. Eskertuta daude Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore, izan ere, Txapasek eta Manolo Urbietak sortutako hamasei kantu erabiltzen dituzte ikuskizun horretan.  "Aitortza egin nahi diogu, besteak beste, ikastolen alde dena eman zuelako. Eta eskertu nahi diegu gaur egun lanean ari diren hezitzaileei, gure hizkuntzatik eta balioetatik maitasunez zein ilusioz ari direnei", azaldu du Agirretxek. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide