Uxue Alkorta eta Laura Iparragirre: "Antolatu ahal izateko, gune propioak behar dira; hortik eraikitzen dira aliantza guztiak"

Iratxe Muxika Karrion ('Berria') 2025eko urriaren 11

Laura Iparragirre. (Arnaitz Rubio Aprea)

Euskal Herriko Gazte Feministek Baterajotzea eginen dute Zaldibarren, urriaren 31tik azaroaren 2ra bitarte. 'Feminismoa lubaki' lelopean, erreakzionarismoaz, zaintzaz eta aliantzez arituko dira, bertzeak bertze. Berria egunkariak Uxue Alkorta zarauztarrari eta Laura Iparragirre zumaiarrari egindako elkarrizketa da honakoa.

Lubakitik errazagoa da borrokatzea, baita irautea ere. Borroka anitz dituzte ikusmiran, baina lubaki bakarra: feminismoa. Euskal Herriko Gazte Feministek Baterajotzea eginen dute urriaren 31tik azaroaren 2ra bitarte, Zaldibarren (Bizkaia), eta elkargunea izanen da Euskal Herriko gazte eta feministentzat. Hilabete baino gutxiago falta den honetan, prestakuntza lanetan ari dira Uxue Alkorta Iturbe (Zarautz, 2001) eta Laura Iparragirre Uria (Zumaia, 2001).

2021ean egin zenuten lehenbiziko Baterajotzea, eta saretzea zen orduko helburua: bakarrik egotearen sentimendua baztertzea. Lau urteotan lortu duzue sarea indartzea?

Uxue Alkorta: Baietz esango nuke. Baterajotzea antolatzera iritsi izanak erakusten du sare indartsu bat dagoela atzean: komunitate feminista indartsu bat eta feminismoarekin oso konprometituta dagoen jendea. Hala ere, ez da sareari begira egiten dugun ekinaldi bakarra, bi urtetik behin formatu txikiago batean biltzen baikara: udaleku feministetan. Eta ez halako jardunaldietan bakarrik, eguneroko lanean ikusten dugu argien geroz eta indartsuagoa dela gure sarea.

Aitzineko Baterajotzeetan, bertzeak bertze, militanteak formatzen aritu zineten. Aurtengoan, ordea, arreta berezia jarri duzue sare feministen barnean aktiboki ari ez direnengan. Zergatik?

Laura Iparragirre: Baterajotzeak formatu aldaketak izan ditu urteotan, gure iritziz jardunaldia momentuan momentuko problematikei erantzuteko tresna bat baita. Aurtengoaren funtzioa elkargunea izatea da, uste baitugu garai garrantzitsua dela horretarako; lubaki izateko eta lubakia bera defendatzeko. Are gehiago, elkargune ez-mistoaren potentzial politikoa ekarri nahi dugu berriro mahai gainera, iruditzen zaigulako horren estrategikotasuna garrantzitsua dela garai hauetan.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria egunkariaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide