Langileen motibazioan eragin eta enpresaren errendimendua hobetzeko laguntza eskainiko du UKUEk

Julene Sorarrain 2025ko urr. 12a, 09:00

Langileen motibazioan eragin eta enpresaren errendimendua hobetzeko laguntza eskainiko du UKUEk. (pixabay)

Lanaren Zentzua programak enpresaren barne antolamendua aldatzea du helburu, langileen motibazioan eta konpromiso mailan eragin dezan.

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE), Gipuzkoako Foru Aldundiaren Eskualdeak 2025 hitzarmenaren barruan, Urola Kostako enpresak hobetzeko programa jarri du martxan. Lanaren Zentzua egitasmoak aurreko ediziotan parte hartu duten hainbat enpresei emaitza "oso positiboak" ekarri dizkiela kontatu dute, eta ekimenera batzeko aukera du orain hala nahi duenak.

Hori horrela izanda, enpresaren barne antolamendua aldatzea da programaren asmoa, gero horrek langileen motibazioan eta konpromiso mailan eragin dezan. Gainera, talentua erakartzen ikastea ere izango dute helburu parte hartzaileek, profil kualifikatuak biltzeko. Hori ez ezik, berrikuntza proiektuetan ere jarriko dute fokua. Hori lortzeko, diagnostiko bat egingo dute lehenik, eta hausnarketa prozesua gehituko zaio ondoren.

Proiektua moldagarria dela ere esan dute, eta diagnostikoa egin ondoren enpresaren erabakia izango da hurrengo faseekin aurrera egitea. Gainera, prozesu guztian zehar profesionalen laguntza izango dute parte hartzaileek.

Informazio gehiago eskuratzeko, Udal Elkartearen egoitzara jo daiteke (Urdaneta bidea, 6, Zarautz), baita 943-89 08 08 zenbakira deitu edota enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzi ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide