Urolaren itsasadarrean bainatzeko debekuak hautsak harrotu zituen pasa den udan Zumaian. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako analisiek ondorioztatu zuten uraren kalitatea ez zela egokia bainatzeko. Horren aurrean, Zumaiako Udalak errioan bainatzea debekatu zuen. Osasun Sailak, bere aldetik, ibaian ez bainatzea gomendatu zuen, bainu eremu gisa erroldatu gabe dagoelako.
Horren harira, Eguzki talde ekologistak salaketa publiko bat egin zuen uztailean. Haren esanetan, errioko kutsadura Oikian egon zitekeen: Oikia saneamendu sarera konektatu ez izanaren ondorioa da egunotan errioan gertatutakoa".
Talde ekologistak igorritako ohar batean gaineratu du, Oikiako ur beltzak Basustako ur araztegira eramateko lanek 15 urteko atzerapena dutela. Eguzkiren arabera, lan horiek egiteko proiektua iragarri zuen URA agentziak 2022an. "Proiektu horrexek berak, bigarren fase batean, Aizarnazabalgoak ere bideratzea ahalbidetu" behar zuela diote talde ekologistako kideek. "Baina ez da Oikiako obra egin eta, ondorioz, Aizarnazabalgoa ere pendiente dago", azpimarratu dute.
Egoera konpontzeko eskaera egin zion Aizarnazabalgo Udalak URA agentziari, eta herriko ur zikinak jasoko lituzkeen kolektorea "lehenbailehen" egitea eskatu zuen. Eskaera pasa den uztaileko udalbatzan aztertu zuten, eta kolektorearen obrak Oikiakorekin batera egitea eskatu zuten.