Enpresa ideia garatu nahi duten ekintzaileei zuzendutako programa abiatu du UKUEk

Julene Sorarrain 2025ko urr. 1a, 10:00

Enpresa ideiak dituzten ekintzaileei zuzendutako programa abiatu dute Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Urola Kostako Udal Elkarteak elkarlanean

Besteak beste, taldeko aholkularitza, dirulaguntza eta bakarkako aholkularitza eskainiko diete Lanbidek eta Urola Kostako Udal Elkarteak programa honen bidez ekintzaileei. Sustatzaileek urriaren 13ra arte izango dute epea enpresa ideia berriak aurkezteko.

Enpresa ideiak dituzten ekintzaileei zuzendutako programa abiatu dute Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Urola Kostako Udal Elkarteak. Hiru hilabeteko iraupena izango du eta azaroaren 13an hasiko da. Astean behin, taldeko saio eta bakarkako tutoretzen bitartez, bere enpresa ideia edo jarduera landu eta sortuko dute ekintzaileek.

Prozesuan parte hartzeagatik, ekintzaileek 2.000 euroko dirulaguntza jasotzeko aukera izango dute. Gainera, zenbatekoak %15eko igoera eduki ahal izango du, baldin eta sustatzaileak 18 urtetik 30era urte bitarteko adina badu. Ekintzailea emakumea bada, beste %15eko igoera izango du.

Hori horrela, interesdunek urriaren 13ra arte izango dute epea enpresa ideia berriak aurkezteko. Eskaerak Urola Kosta Udal Elkartean bertan (Urdaneta Bidea, 6, Zarautz), edota Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira.

Programan parte hartzeko eta dirulaguntzak eskuratzeko, interesdunek eskualdean erroldatuta egon beharko dute, eta ezingo dute aurreko urtean IAEN alta emanda egon; langabezian egon beharko dute eta prozesuan esklusiboki egon beharko dute (edo %30eko lanaldia baino gutxiago izan); aurreko urteetan gai beraren inguruko laguntzarik jaso izan dutenek ezingo dute deialdi honetan parte hartu.

Informazio gehiago ala eskabide orriak eskuratzeko, 943-89 08 08 zenbakira deitu edota enpresasustapena@urolakosta.eus helbidera idatzi daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide