Organista ezagunen bilgune izango da beste urte batez Organo Erromantikoaren Nazioarteko 26. Zikloa

Andoni Elduaien 2025eko irailaren 30a

Erakundeetako ordezkariak, gaur, Bergarako parrokian. (Udala)

Gaur aurkeztu dute zikloa, eta guztira, sei emanaldi izango dira eskualdean, hiruna Azkoitian eta Azpeitian. Azpeitiko Loiolako basilika datozen hiru ostiraletan izango dira organo kontzertuak, 19:30ean hasita; Azkoitiko parrokian, berriz, hurrengo hiru larunbatetan, 20:00etan.

Azkoitiko, Azpeitiko eta Bergarako udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Fray Joseph Echevarria elkartearekin batera, urrian zehar hiru herri horietan egingo den Organo Erromantikoaren Nazioarteko 26. Zikloa aurkeztu dute gaur, asteartea, Bergaran (Gipuzkoa). Zikloak organoaren musika klasikoa eta garaikidea uztartzea ditu xede, eta aurkezpena baliatu dute kontzertuen berri emateko.

Azkoitiko parrokiako Cavaille-Coll, Loiolako basilikako Lope Alberdi eta Bergarako parrokiako Stoltz Freres organo historikoetan emango dituzte kontzertuak organo jotzaileek, beste urte batez. Guztira, hamar kontzertu eskainiko dituzte zikloaren barruan, baina hiruna izango dira Azkoitian eta Azpeitian; aldiz, lau emanaldi hitzartu dituzte Bergararako.

Loiolako basilikan, datozen hiru ostiraletan izango dira emanaldiak –urriak 3, urriak 10 eta urriak 17–, 19:30ean hasita. Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokian, berriz, datozen hiru larunbatetarako –urriak 4, urriak 11 eta urriak 18– egin dute hitzordua; han 20:00etan hasiko dira kontzertuak.

Eskualdeko hitzorduei buruz

Juan de la Rubia Bartzelonako Familia Santuaren basilikako organista titularrak irekiko du zikloa ostiral honetan, Loiolako basilikan. Hark Bachen, Alainen, Francken eta Tournemiren lanak eskainiko ditu, besteak beste. Urriaren 10ean, Loreto Aramendi eta Sarah Perarnaud organistak izango dira protagonista Loiolan, Jorge Pacheco perkusionistarekin batera. John Adamsen, Pierre Cochereauren, Emmanuel Sejourneren, Modest Mussorgskyren eta Carl Orff lanak eskainiko ditu hirukoteak zikloaren Azpeitiko bigarren emanaldian. Urriaren 17ko emanaldian, azkenik, Haendel, Faure, Ravel, Vierne, Guilamant eta Gounod artisten lanak jo eta abestuko dituzte Matias Sagresas organista argentinarrak eta Lucia Gomez mezzosoprano donostiarrak. 

Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokian ere beste hiru emanaldi izango dira; larunbatetan izango dira hango hitzorduak, hala nola urriaren 4an, urriaren 11n eta urriaren 18an, 20:00etan hasita. Benjamin Righetti organo jotzaile suediar gazteak irekiko du zikloa, eta hark Guilmanten eta Bizeten obrak interpretatuko ditu, bere konposizio propioez gain. Hilaren 11n, organoa eta txistua entzungo dira parrokian, Jose Antonio Pascual eta Jose Ignazio Ansorena donostiarren eskutik. Francken, Usandizagaren, Olaizolaren edo Langlaisen obrak bilduko ditu, besteak beste, bikote horren errepertorioak. Nazioartean ezaguna den Shin-Young Lee artista korearraren emanaldiarekin amaituko da aurtengo zikloa Azkoitian. Bach, Saint-Saens eta Widor artisten zenbait obra interpretatuko ditu korearrak.

Honako dokumentu honetan ikus daiteke aurtengo zikloan parte hartuko duten organisten informazio guztia, baita horiek hiru herrietan eskainiko dituzten kontzertuen egitarauak ere. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide