Mendietan zentral eolikorik ez dutela nahi aldarrikatu dute Zelatunen

Andoni Elduaien 2025ko ira. 28a, 19:25

'Mendietan ez' zioen pankartaren atzean elkartu dira. (SaƱu Bizirik)

Amasamendi Bizirik, Sañu Bizirik eta Errezil Bizirik taldeetako kideek deituta, dozenaka lagun elkartu da gaur eguerdian Zelatunen, mendietan proiektu eolikoak ez dituztela nahi aldarrikatzeko. Atzera botatako proiektuak gogoan, gogorarazi du Euskal Herrian 200dik gora direla martxan jar daitezkeen proiektu eolikoak.

Mendietan zentral eolikorik ez! lelopean, elkarretaratzea egin dute gaur, igandea, Zelatunen. Iraileko azken igandea izanda, Hernioren magalean dozenaka lagun elkartu da Amasamendi Bizirik, Sañu Bizirik eta Errezil Bizirik taldeek egindako deialdiari erantzunez. Protestarekin bat egin dutenak Mendietan ez zioen pankartaren atzean elkartu dira, mendietan proiektu eolikorik ez dutela nahi ozen aldarrikatzeko.

Sañu Bizirikek azaldu duenez, Statkraft enpresak Sañoa mendian gauzatu nahi zuen Piaspe proiektu eolikoaren ingurumen inpaktuaren kontrako adierazpena argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian –Eusko Jaurlaritzak abuztuan ukatu zion ingurumen baimena Piaspe parke eolikoaren proiektuari–. Hori horrela, balioa eman diote haiek antolatzeari, horrek "bere fruituak" eman dituela eta. Haien hitzetan, denen artean lortu dute Statkraftek udalekin batera "inposatu" nahi zuen proiektua atzera botatzea.

Ordea, badira oraindik eolikoak mendietan jartzearen aurka dauden taldeei "ezinegona sortzen jarraitzen dieten" hainbat arrazoi. Hori hala, garaipena ospatzeko ez ezik, borrokari berriro heltzeko unea ere badela nabarmendu dute. Enpresek, beren mozkinak handitzeko, "herritarrena den lurra bereganatzeko intentzioarekin" jarraitzen dutela adierazi dute: "Azpeitian, Errezilen eta Zestoan Statkraft hitz politekin eta promesa handiz beteta instituzioen eskuetatik helduta azaldu zen bezalaxe, Premier Group, KGAL Alemaniako inbertsio funtsarekin hornituta eta berriz ere instituzioen laguntzarekin iritsi da Amasa-Villabonara". Era berean, gogoratu dute Euskal Herrian 200dik gora proiektu martxan jartzeko nahia dutela enpresek. 

Lurraldeko Plan Sektorialaz (LPS) ere eman dituzte azalpenak Sañu Bizirik taldekoek. Eusko Jaurlaritzak, "alderdi politiko gehienen adostasunarekin", behin-behineko onarpena eman dio LPS horri, eta horien arabera, "aurki" jasoko du behin betiko onespena. LPS hori onartzeak dituen arriskuez ohartarazi nahi izan dute hala, uste baitute enpresek bailaretan eguzki plaken eta haize erroten proiektuak martxan jartzeko "erraztasunak" izango dituztela. "Herritarren eta ingurumenaren babesa oinarrian izan beharko lukeen lurralde antolamendua izan ordez, multinazionalen esku egongo da, gure baliabide naturalekin beren poltsikoak betetzen jarrai dezaten", salatu dute.

Beste hainbat proiekturen aurkako salaketak ere izan dira gaur Zelatunen. (Sañu Bizirik)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide