Aizarnazabalgo sanmigelak 2025

Hainbat urteko etenaren ostean, haurren danborrada egin dute Aizarnazabalgo sanmigeletan

Andoni Elduaien eta Ihintza Elustondo 2025ko ira. 28a, 15:35

80 bat ume atera dira gaur eguerdian danborrak astintzera Aizarnazabalen. Ikastetxetik udaletxe atarira arteko bidea egin dute haiek. Festek, ordea, ez dute etenik han; arratsaldean, herri kirolak eta Bull DJaren emanaldia izango dira. Bihar, berriz, San Migel eguna ospatuko dute.

Hainbat urtez egin gabe egon eta gero, Aizarnazabalek haurren danborrada berreskuratu du. Gaur, San Migel egunaren bezpera, 80 bat ume atera dira kalera danborrak astintzera, eta haiek gogotik parte hartu dute jaian. Danbor jotzaileekin batera atera dira kalera eskuareak, otarreak eta bestelako hainbat erreminta eskuan eraman dituzten herriko haur txikiak ere; azken horiek zabaldu dute danborradaren bidea ikastetxetik udaletxe atarira arte. Umore onean igaro dute eguerdia Aizarnazabalen, bai haurrek, bai haiek ikustera kalera atera diren helduek.

Gaur eta bihar ere izango da zertaz gozatua herrian. Gaur arratsaldean, herri kirol saioa izango da; 18:00etan hasita, aizkolariek eta harri jasotzaileek erakustaldia eskainiko dute. 20:00etan, berriz, Bull DJak girotuko du herria. Bihar izango da Aizarnazabalgo zaindariaren eguna, eta goizetik iluntzera arte izango dira ekintzak. Kalejira, meza, sagardo eta bolo txapelketa, mago ikuskizuna, mariatxiak eta zozketa izango dira. Hona hemen egitaraua:

Gaur, igandea

  • 18:00. Herri kirolak.
    • Aizkolariak: Iker Vicente-Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a vs Julen Alberdi Txikia IV.a - Ugaitz Mugertza Mugertza II.a.
    • Harri jasotzaileak: Mikel Lopetegi Urra, Unax Iruretagoiena Izeta VII.a, Ainitze Zumeta, Maddi Gesalaga, Paulo Azpiazu.
  • 20:00. Bull DJa.

Irailaren 29a, astelehena. San Migel eguna

  • 10:30. Kalejira, trikitilariekin.
  • 11:30. Meza.
  • Meza ondoren, 39. Sagardo Lehiaketa eta Bolo Txapelketa.
  • 17:30. Harritzearen abilezia ikuskizuna, Hodei Magoarekin.
  • 19:00. Estampas de Mexico mariatxia.
  • 20:30. Adiskidekoen otarrearen zozketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide