"Erakusketak egin izan ditut, baina arte eskolako ikasleekin. Aurrez beste norbaitekin obraren bat edo beste jarri dut erakusgai, baina nire bakarkako mostrarik ez dut egin orain artean. Honakoa dut lehenengoa". Azkoitiko bizilagun Iñigo Borda azpeitiarrak margo erakusketa zabaldu berri du Zarauzko Arkami arte galerian; asteazken arratsaldean egin zuten erakusketaren irekiera saioa, eta bertan izan zen artista pozez: "Berezia da niretzat, nire lehendabizikoa delako".
Makina bat lan bilduta zituela eta, jendaurrean erakusteko tenorea heldu zela iritzi zion Bordak, eta pausoa ematea erabaki zuen; "bestela hor ezkutuan geratuko ziren", dio. Duela bi urte Yohana Soldevilla nafarrak bere margolanak paratu zituen Arkamin, eta haren bitartez, Zarauzko espazioa ezagutzeko aukera izan zuen. Tokia gustatu eta haiekin harremanetan jarri zen: "Duela bizpahiru hilabete idatzi zidaten erakusketa egiteko aukera eskainiz".
Kattagorri artea izenburua jarri dio mostrari, Azkoitian duen izen bereko arte eskolari erreferentzia eginez. "Estudio horretan egiten dut lan, eta pentsatu nuen erakusketa gisa horretara aurkeztea izango zela onena. Azken finean, bertan sortutakoak dira erakusgai jarri ditudanak". Azken urteetan ondutako margolanen aukeraketa bat paratu du Zarauzko espazioan, paisaietatik hasi, animaliekin jarraitu eta erretratuetaraino.
"Teknika ezberdinen erabilera antzeman daiteke euskarri ezberdinetan", nabarmendu du artista azpeitiarrak. Aldez edo moldez, askotariko lanak daude zintzilikatuta Arkamiko hormetan, moldakortasun erabatekoa erakutsiz: akuarelak paperean, olio-pintura mihise gainean, beste batzuk taula gainean... Tamaina ezberdinak dituzte lan horiek. Guztira, 25 margolan inguru bildu ditu; horietako hamabost handiak dira, eta gainerakoak formatu ertain eta txikikoak.
Errealitatea interpretatu
"Normalean, erreferentziak hartzen ditut, eta horietatik abiatuta, errealitatearen interpretazioa egiten dut", adierazi du Bordak. Baina ez beti berdin. "Lan batzuk figuratiboak eta errealista samarrak dira, baina beste batzuetan hortik aldentzen saiatzen naiz, espresiboagoa edo abstraktuagoa izaten. Testura gehiago ematen diet koadroei, kasu horietan. Egia esan, koloreei garrantzi handia ematen diet", arrazoitu du: "Aldaera asko ditu nire margogintzak".
Esperimentatzea gustuko duela onartu du, nahiz eta "betiko harriaren kontra erortzen" bukatzen duela eta askotan zaila egiten zaiola dioen. "Ahalegintzen naiz gauza berriak lantzen, eta erakusketa honetan ere badaude gauza berri batzuk, baina egitura antzekoa jarraitzen dut margotzen hasten naizen aldiro. Lantzeko orduan ezberdinak badira ere, zerikusirik ez badute ere, bukaeran antzekotasunak ikusten dizkiet lanei". Artista orok duen ukitu bereizgarria izango da.
Orain, jendearen feedbacka jaso nahiko luke: herritarrak bere margolanak ikustera joatea eta zer iruditzen zaien jakitea, hain zuzen ere. Bakarkako lehen erakusketa izanda, sentipen aski arruntak. Nahiz eta sobera jakin harro egoteko moduko bilduma batekin estreinatu dela.