Urola eta Goierri eskualdeetako adin txikikoen odolean PFAS deritzoten substantzia kimikoak atzeman dituztela jakinarazi zuen atzo EHUk. Biogipuzkoarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailarekin lankidetzan 2006an abiatu zuten azterketaren emaitzak atzo aurkeztu zituzten ikertzaile taldeko Anne San Romanek eta Nestor Etxebarria kimika katedradunak.
Substantzia perfluoroalkilatuak eta polifluoroalkilatuak dira PFAS ingelesezko siglekin ezagutzen direnak, eta egunerokoan erabiltzen diren produktu ugaritako osagaien artean aurkitzea "ohikoa" dela azaldu dute azterketaren egileek, "hala nola zartagin itsasgaitzetan, arropa iragazgaitzean, elikagai ontzietan edo suteen aurkako aparretan". 1950eko hamarkadan hasi ziren substantzia horiek hainbat produkturen ekoizpenerako erabiltzen. Ura, olioa eta orbanak kanporatzeko dituzten propietateak direla eta, erruz erabili izan dira, baina 2000. urtetik aurrera PFASen arriskuez ohartarazi duten ikerketak ere ugaltzen joan dira. EHUren ikertzaileek nabarmendu bezala, "konposatu kimiko horiek oso egonkorrak eta iraunkorrak dira ingurumenean", eta horien "erabilera orokortuak ondorio kaltegarriak" ditu: "Giza organismoan sar daitezke haurdunaldian, plazentaren bidez, eta pilatzen jarraitu dezakete edoskitzearen, elikaduraren, edateko uraren, aire kutsatuaren edo konposatuok dituzten produktuekiko kontaktuaren bidez".
"Berehalako osasun arriskurik ez"
PFASen iraunkortasunaren eta ingurura transferitzeko gaitasunaren adibide da plazaratu duten ikerketaren emaitza, adin txikikoen odolean substantzia horien arrastoak aurkitu izana, alegia. Hala ere, "berehalako osasun arriskurik ez" dute ikusten ikertzaileek beren azterlaneko subjentuentzat, baina azterketetan eta jarraipenean sakontzearen premiaz ohartarazi dute, substantzia horiekiko "esposizioa eta horren ondorioak kontrolatzeko".
INMA proiektuaren barruan egin dute azterlana. 2006an jarri zuten martxan proiektu hori Espainiako Estatuko ikerketa talde hainbatek, ingurumen kutsatzaileek haurren garapenean duten eragina aztertzeko. Orain plazaratu dituzten emaitzak, berriz, 2011. eta 2022. urteen artean egindako ikerketarenak dira. Tarte horretan, Urola eta Goierriko –"industria siderometalurgikoaren presentzia handia duten eskualdeetan"– 315 adin txikikoren plasma aztertu dute horien "garapenaren funtsezko hiru unetan": 4, 8 eta 14 urte zituztenean, hain zuzen. "Horrek aukera eman digu PFASen presentziaren bilakaera eta joerak ebaluatzeko adingabeak hazi ahala eta, adinarekin batera, PFASen kontzentrazioa jaitsi egiten dela egiaztatzeko. Era berean, lehen haurtzaroan mailak amaren esposizioarekin lotuta daude nagusiki, plazentaren eta edoskitzearen bidez; eta nerabezaroan, berriz, ingurumen faktoreek garrantzi handiagoa hartzen dute", azaldu dute Etxebarriak eta San Romanek.
Ikerketa eta neurri gehiago
315 adingaberen plasmarekin egindako analisietan, ikerketan aztertutako 42 konposatuetatik hemezortzi atzemanu zituzten adin txikikoen odolean, eta "ohikoenen artean, %70 eta %97 arteko tasak" detektatu zituzten.
“Lortutako datuek agerian uzten dute esposizio handia dugula", dio Etxebarriak, baina baita "zaila" dela jakitea aztertutako adin txikikoen organismoetan aurkitutako PFASen mailak "handiak edo txikiak" diren. "Izan ere, gai hori ez da aztertu gizakientzako muga seguruak definitzeko adina, baina horrenbeste egotea kezkagarria da, eta garrantzitsua da horrelako ikerketak zabaltzea, ondorioak hobeto ezagutzeko eta txikitzeko modua bilatzeko".
Lortutako datuetatik abiatuta, ikerlariek ondorioztatu dute PFASen erabilera mugatzeko indarrean dagoen araudia ez dela guztiz eraginkorra izan. "PFAS batzuei mugak ezarri bazaizkie ere, konposatu mugatuek presente jarraitzen dute haurtzaroan", ohartarazi dute. Gainera, uste dute "araudia eguneratu" egin beharko litzatekeela "sortzen ari diren konposatuak barne hartzeko", horien presentzia frogatuta dagoelako. Horregatik nabarmendu dute "PFAS berrienen toxikotasunari buruzko azterketa gehiago egiteko premia, horien arriskugarritasuna oraindik ez baitago argi ezarrita".