Veronica Garcia: "Guretzat arruntak diren gauzak baloratzen dituzte sarri bisitariek"

Mailo Oiarzabal 2025ko ira. 12a, 09:00

Veronica Garcia, Basazabalen. (Mailo Oiarzabal)

Basazabal jauregian apiriletik irail bukaera arte martxan da turismo bulegoa, eta Veronica Garcia zumaiarra ari da han lanean. "San Inazio eta basilika lotzen dituzte gehienbat Azpeitiarekin, eta harritu egiten dira horrez gain aurkitzen duten eskaintza guztiarekin", dio bulegora joaten zaizkion turistez.

Hizkuntzak, kultura desberdinetako jendea ezagutzea eta bidaiatzea gustuko zituen eta ditu Veronica Garciak (Zumaia, 1988). Turismo ikasketak egin zituen, eta azken urteetan administrari lanetan ere ibili izan den arren, turismoaren arloan lan ibilbide luzea du egina. Besteak beste, Loiolako turismo bulegoan aritu zen, artean santutegiko komunen ondoan zegoenean. Aurten berriro itzuli da Azpeitira, oraingoan, udalak Basazabalen irekitzen duen turismo bulegora.

Zer moduz joan da uda Azpeitiko turismo bulegoan?

Uda oso ondo joan da. Bisitari dezente ibili da eta askok oporrak luzatu edo bueltatu egin beharko direla esan didate, gauza asko daudelako inguruan ikusteko eta egiteko, eta ni horrekin gustura gelditzen naiz. San Inazio eta basilika lotzen dituzte gehienbat Azpeitiarekin, eta harritu egiten dira horrez gain aurkitzen duten eskaintza guztiarekin.

Basazabalekoa ez da urte osoan irekita dagoen zerbitzua. Erraz topatzen al dute bisitariek?

Oro har, egia da ez dutela erraz aurkitzen, baina denetarik dago. Badago erdigunera etortzen den jendea, eliza-eta ikustera, eta horiek erraz topatzen dute bulegoa; eta badago Loiolara eta basilikara joaten den jendea, eta horiei gehiago kostatzen zaie. Hala ere, Loiolan bertan dute horiek beste turismo bulego bat. Bi bulegoekin, ondo artatzen ditugu bisitariak.

Nondarrak dira bulegora joaten zaizkizun bisitariak?

Bulegora etortzen diren bisitari gehienak Espainiako Estatukoak dira, eta horien artean nagusi dira Madrildik zein Kataluniatik etorritakoak; askotan, gainera, errepikatzen duen jendea izan ohi da, lehen ere hemen izandakoa eta berriro datorrena. Atzerriko beste herrialde batzuetako jendea ere badabil, hala ere, hala nola Frantziakoak, Herbehereetakoak edo Italiakoak. Euskal Herriko bisitariei dagokienez, gehienak Gipuzkoakoak izan ohi dira, eta horien artean Azpeiti-Azkoiti ingurukoak asko; batzuei lotsa-edo ematen die sartzeak, baina bai.

Eta zeren bila joaten dira etxekoak Basazabalera?

Jauregia bera ezagutzera etortzen dira asko, zaharberritu ondoren nola gelditu den ikustera, hain zuzen; izan ere, txikitan hemen jolasean ibiltzen ziren bat baino gehiago etorri izan dira asmo horrekin. Bertako jende askok ez du Basazabal ezagutzen, eta deigarria egin zait hori. Beste batzuk kanpotik etorritako lagunekin etortzen dira, Basazabal bera erakustera edota lagun horiekin zer plan egin ditzaketen jakitera. Bizkaitarrak ere asko ibiltzen dira hemen. Oro har, Euskal Herriko bisitariak zein natura turismoaren bila etortzen dira: Lasaoko bidea egitera, Xoxotera...

Zer profil nagusitzen da Azpeitira turismoa egitera doazenen artean?

Denetarik dago, baina bulegora etortzen zaigun jendea 35-40 urtetik gorakoa da nagusiki. Jubilatu asko etortzen zaizkigu, gehienbat Zestoako Bainuetxean ostatu hartutakoak; talde asko hartzen dituzte han, eta urte osoan zehar, gainera. Lagunartean edo familian eta umeekin etortzen direnak ere asko dira, bakarrik etortzen direnak baino nabarmen gehiago.

Zer eskatzen dute edo zeren bila jotzen dute bulegora?

Askotan, guri arruntak iruditzen zaizkigun edo egunerokotasunaren barruan kokatzen ditugun gauzak baloratzen dituzte bisitariek: mendiak, Xoxoterako bidea edota asteroko azoka. Azken horrek egundoko ilusioa egiten dio jendeari, bakarren batzuk korrika joan izan zaizkit plazara, bertako produktuak erostera. Izarraitz herritik hain gertu ikustea ere, mendia bertatik bertara edukitzea, deigarria egiten zaie autoan edo autobusean iristen direnean.

Abuztuan herria ‘hilda’ egoten dela da azpeitiar askoren ustea. Turistentzat ere horrela al da?

Kostako ikuspegitik arraroa izan daiteke, baina Azpeitian bisitari gehiago edukitzen dugu ekainean abuztuan baino; izan ere, taldeko bidaia eta irteera asko egiten dira ekainean, ikasturte amaierakoak edota jubilatuenak. Abuztuan ere bisitari dezente ibiltzen dira, eta egia da neuk ere ez nekiela halako aldaketa zegoenik herrian uztailetik abuztura. Udaberrian bulegoa ireki genuenetik, kaleko giroagatik galdetzen zidatenei esaten nien lasai egoteko, kalera irten eta berehala aurkituko zutela, plazan, Alde Zaharrean eta inguruan; eta kaleko giro hori asko eskertzen dute, gainera, bisitariek. Baina saninazioak bukatu, eta bat-batean hustu ziren kaleak; festen ondorengo astean ez zegoen inor. Taberna eta denda asko itxita, isiltasuna... desertua ematen zuen. Dena den, ibili da jendea abuztuan ere. Asko igartzen zen giro apalagoa zegoela kalean, bertako jendea kanpora joaten delako, kanpotik etorritako jendea ibili arren. Irailarekin berreskuratu dute bizia kaleek, jendea eta bizitasuna. Eta bisitariek ere jarraitzen dute etortzen, iraila gero eta indar gehiago ari da hartzen udako oporretako hilabete gisa.

Behin baino gehiagotan aipatu duzu Loiola. Santutegia al da orain ere, turismoari dagokionez, Azpeitiko ikur nagusia?

Bai. Lehen aldiz etortzen diren bisitari gehienek buruan dakartena dira basilika eta Loiola, zerbait buruan ekartzekotan, behintzat. Hala ere, uste dut zabaltzen ari dela ikuspegi hori. Trenbidearen museoa, Lasaoko bidea eta Urolako bide berdea, Xoxote eta Mendietxe museoa ere badauzkagu. Mendizale askok Mendietxegatik ezagutzen dute orain herria. Ona da arrazoi bat baino gehiagogatik ezagutzea.

Loiolara iristen ziren bisitariak herrigunera erakartzea izan da urte luzez turismoaz arduratzen diren tokiko erakundeen erronka. Gaindituta al dago hori?

Baietz esango nuke. Bulego etortzen direnak, iritsi berriak dira eta herrian zer ikusi dezaketen jakin nahi dute; edo dagoeneko ikusi dituzte trenaren museoa eta Loiola, eta zer gehiago egin dezaketen jakin nahi dute. Jendea nahiko kokatuta iristen dela esango nuke, Basazabaleraino ailegatzen dira, behintzat.

Turismo teknikari lanaz ez ezik, Basazabaleko zerbitzuen kudeaketaz ere arduratzen ari zara. Zer moduz uztartzen dituzu lanaren bi alderdiak?

Ondo. Neure saltsan nago, azkenean, turismoa gogoko dudalako, baina baita ekitaldiak prestatzea ere [apirilean turismo bulegoa ireki zutenetik irailaren 5era arte, zortzi-hamar ezkontza hartu ditu Basazabalek]. Basazabal jauregia oso bizirik dagoen eta erabilera ugari dituen eraikina da. Trikitixa Elkartearen egoitza hemen dago, lehen solairuan, eta goragoko solairuetan hainbat bilera eta agerraldi gela daude; hainbat elkartek, enpresak zein udalak berak erabiltzen dituzte gela horiek. Horrez gain, urte osoan zehar zaintzaren inguruko formakuntzak ematen dituzte; aste honetan, adibidez, eskola bateko ikasleak etorri zaizkigu elkarbizitzako formakuntza egitera, eta hurrengo astean prentsaurreko bat izango dugu. Beraz, ez naiz aspertzen, beti baitago zer egin. Bestetik, bisitari gehien ibiltzen den sasoian, udan, alegia, ez da bilera edo ekitaldi asko izaten, eta ondo moldatzen naiz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide