Ordiziako (Gipuzkoa) euskal jaietako azoka berezian gazta lehiaketak pizten du arreta berezia, baina izaten da bestelako lehiaketarik ere han, eta atzo, eskualdeko abeltzainak zein nekazariak eskukada bete sarirekin itzuli ziren handik. Gipuzkoako Pirenaika Txapelketan, esaterako, Azpeitiko Garagartza Gain baserriko Iñaki Alkortak zazpi sari eskuratu zituen.
Honako sari hauek jaso zituen ganaduzale azpeitiarrak: bigarren saria 12 eta 18 hilabete bitarteko bigen sailean; aurreneko saria 18 eta 24 hilabete bitarteko bigen atalean; bigarren saria hiru eta bost urte bitartekoen kategorian; aurrenekoa umatutako 5 eta 7 urte bitartekoenean; lehen eta bigarren sariak umatutako eta 9 urte bitartekoen sailean; hirugarren saria 9 urte gorakoen sailean; eta Aberekin Saria, hau da, hazitik sortutako urrixa onenarena.
Euskal Oiloaren 51. Erakus-lehiaketa ere egin zuten atzo Ordizian, eta Getariako Abeletxe baserriko Mikel Albizurik bi sari nagusi irabazi zituen: Lotea kategoriakoa bata, eta Zilarrekoa, bestea. Era berean, Zarauzko Ondamendi baserriko Jesus Larrañagak Gorria saileko lehen saria lortu zuen.
Bestalde, fruitu lehiaketan Errezilgo Mugarrieta baserriko Simon Aizpuruk hirugarren saria eskuratu zuen.