Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Jarri zure bizikleta prest Mugirekin kanpaina jarri du abian beste urte batez. Bizikletak konpontzeko doako zerbitzua eskaintzen duen ekimena Gipuzkoako hogei herritara iritsiko da aurten, iaz baino zortzi herri gehiagotara. Urola Kosta eskualdeko lau herritan eskainiko dute zerbitzua: Azkoitian, Azpeitian, Orion eta Zarautzen.
Hilaren 18an, ostegunez, Azpeitia plazan jarriko dute postua 10:30etik 14:00etara, eta Azkoitian 16:00etatik 20:00etara eskainiko dute zerbitzua, han ere herriko plazan. Zarautzen eta Orion, aldiz, hilaren 20an jarriko dute postua. Zarautzen Udaletxeko plazan izango dira aldundiko arduradunak, 10:30etik 14:00etara, eta Orion, Ikastolako plazan, 16:00etatik 20:00etara.
Azahara Dominguez diputatuak Mugikortasunaren Europako Astearen barruan aurkeztu du aldundiaren kanpaina. Garraiobide jasangarriagoak erabiltzeak dakartzan onurei buruzko sentsibilizazioa du helburu erakundeak, eta diputatuak dioenez garraio publikoa, bizikleta eta oinez egindako joan-etorriak "onuragarriak" dira bai ingurumenerako, bai osasun publikorako.
Helburu hori aintzat hartuta jarri dute abian aurten ere kanpaina. Bizikletak konpontzeko zerbitzua furgoneta batek eskainiko du, eta Mugi txartel pertsonalizatua duten pertsona guztiak izango dira onuradunak. Gainera, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin (GGLA) lankidetzan, beharrezko laguntza eskainiko zaie Mugi txartela eskuratu nahi duten pertsona guztiei. Bizikletak konpontzeko zerbitzuaren onuradunak, gainera, zozketa batean sartuko dira: bi bizikleta eta 20 euroko 60 Mugi birkarga zozkatuko ditu erakundeak.