Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko kazeroladak deitu ditu Gernika-Palestinak ostiralerako

Maddi Txintxurreta 2025ko ira. 2a, 15:27

Gernika-Palestinak deitutako elkarretaratze baten artxiboko irudia, Zestoan.

Gernika-Palestina plataforma herritarrak kazeroladak deitu ditu Euskal Herriko udalerri guztietan, 19:00etan, udaletxeen aurrean ala herri bakoitzean erabakitzen duten lekuetan. Bestalde, festak baliatuz, Zestoan Palestinari elkartasuna adieraziko diote zapatu eguerdian egingo duten argazki batekin.

Gernika-Palestina plataformak ostiral honetan Palestinako genozidioaren kontra mobilizatzera deitu ditu euskal herritarrak. Gazan bizi duten egoera larria salatzeko eta erakundeei Israelekin dituzten harremanak eten ditzatela eskatzeko, lapiko-jotzeak deitu ditu Euskal Herriko udalerri guztietan, 19:00etan, udaletxeen aurrean ala herri bakoitzean erabakitzen duten lekuetan.

Plataforma herritarraren ustez, orain da momentua Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari berehalako su-etena agindu dezala eta tropak Gazatik erretiratu ditzala "behartzeko". Gogorarazi du, gainera, gazatarrek premiaz behar duten laguntza humanitarioa oztopatzen ari dela Israel.

Arrazoi horiengatik, Genozidioa stop! lelopean herrialde mailako mobilizazioa deitu du ostiralerako Gernika-Palestinak, eta Zumaian atxikimendua erakutsi diote protesta honi: Saregile plazan egingo dute kazola-jotzea, 19:00etan. Palestinarekiko elkartasuna adierazi nahi duen oro gonbidatu dute mobilizaziora, eta zarata egiteko tresnak eramateko deia egin diete herritarrei. Orion ere 19:00etan izango da mobilizazioa, Herriko Plazan.

Bestalde, asteburuan herriko festetan murgilduta izango da Zestoa, eta testuinguru hori baliatuko dute argazki herrikoi baten bitartez Palestinari elkartasuna adierazteko. Larunbatean, 13:30ean, elkartuko dira plazan, bertan muntatuta dagoen zezen-plazako barreretan.

Azpeitian, hilero

Gazako sarraskiaren kontrako jarrerak hilean behin jasotzen du gaitzespena Azpeitian. Elkar-ekin taldeak deitzen ditu Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazioak Sanjuandegi auzoko biribilgunean; abuztuaren 29an egin zuten azkena. Alta, Elkar-ekinek orain salatu duenez, azken bi mobilizazioetan Ertzaintzako agenteak elkarretaratzeak "zelatatzen" aritu ziren, argazkiak nahiz bideoak hartuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide