Abenduaren 13an, larunbatean, Illunbeko pabilioian egingo dute Ura Bere Bidean proiektuko Kantuz ikuskizuna, Ipuskoako milurtekoaren ospakizunaren barruan. Emanalaidk hogeita bost musikari bilduko ditu, tartean eskualdeko bi: Gozategi Orioko musika taldea eta Eñaut Elorrieta Getariako bizilaguna.
Fair Saturday fundazioak 2021ean sortutako proiektua da Ura Bere Bidean, "euskal artista garaikide eta garai ezberdinetakoen elkargune izateko". Urtero grabatzen eta interpretatzen dituzte beren kantuak, Fernando Velazquez musikari getxoztarrak sinfonikoki moldatuta, eta orain arte Bizkaian eta Araban aurkeztu dituzte zuzenean. Kantuz ikuskizuna, berriz, Gipuzkoan estreinatuko dute, eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, "oso berritzailea eta berezia" izango da. Euskadiko Orkestrak parte hartuko du, eta Velazquezek berak zuzenduko du.
Ikuskizunean "giro komunitario berezia" sortuko dela esan dute: pantaila erraldoiak eta kantutegiak erabiliko dituzte horretarako, eta Gipuzkoako hainbat abesbatzak parte hartuko dute.
25 artista oholtzara
Kantuz kontzertuan 25 artistak parte hartuko dute. Honakoek osatzen dute zerrenda: Süne, Eider, Neomak, Amak, Idoia, Maren, Olatz Salvador, Nøgen, Sua (Ane Barrenetxea), Eñaut Elorrieta, Skakeitan (Pello Armendariz), Xabi Solano, En Tol Sarmiento (Iñigo Etxezarreta), Zea Mays (Aiora eta Piti), Gozategi, Betagarri (Iñaki Ortiz), Mikel Urdangarin, Leihotikan, Urtz (Xabi Camarero), Sorotan Bele, Su Ta Gar (Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida), Doctor Deseo (Francis), Anje Duhalde, Erramun Martikorena eta Urko.
Ura Bere Bidean proiektuak belaunaldi ezberdinetako artistak balioan jarri nahi ditu, euren ekarpena aitortu, publiko berriak sortu eta zabaltzea bilatu, esperientzia bakarrak eta hunkigarriak sortu, banaketa eredu berriak esperimentatu eta azken 50 urteetako euskarazko musikaren inguruan ondare sinfonikoa eraiki.
Sarrerak eskuragarri
Abenduaren 13ko kontzerturako sarrerak lehenik Ura Bere Bidean komunitatearentzat egongo dira eskuragarri, bihar, asteazkena, 10:00etan; eta publiko orokorrarentzat hurrengo egunean, osteguna, irailaren 4an, 10:00etan. Interesa dutenek komunitatean izena eman dezakete www.uraberebidean.eus webgunean.