Letrazaleak hitzen erreinuan murgilduko dira irailean

Ane Olaizola 2025ko ira. 2a, 09:12

Azkoitiko Irakurle Taldea Miriam Luki idazlearekin, artxiboko irudi batean. (Azkoitiko Irakurle Taldea)

Udako etenaren ostean, irakurle taldeek asteotan hasiko dute ikasturte berria, askotariko lanekin. Zarautzen, behar bereziak dituztenentzat taldea osatuko dute. 

Udako etenaren ostean, herritarrak berezko dinamika berreskuratzen hasiak dira pixkanaka, eta haiekin batera, taldeek zein eragileek ere aurrez aurre dute ikasturte berria. Batzuek nagikeriaz nola, beste zenbaitek irrikaz begiratu ohi diote irailean hasten den sasoiari, eta azken horietakoak dira literaturazaleak, plazerezko dituzten irakurle taldeek ere aurki ekingo baitiote ohiko martxari.

Eskualdeko herri gehienetan daude osatuta irakurle taldeak, eta horietako kideak datozen asteetan hasiko dira berriro elkartzen, aurrez zehaztutako euskarazko liburuak taldean aletzeko. Horien artean Zarauzkoa da zale gehien biltzen dituen egitasmoa, han talde bat baino gehiago baitaude martxan: udal liburutegiaren eskutik, gaur-gaurkoz haurrentzako zein gazteentzako talde bana eta helduentzako bi irakurle talde daude osatuta, eta hastear den sasoirako beste bat eratu nahi dute: behar bereziak dituztenentzako Irakurketa Errazeko (IE) Taldea. Euskarazko taldea izango da hori ere; antolatzaileek aurreratu dute urrian lau saio egingo dituztela, eta azaroan bi. Liburutegian eman daiteke izena, doan.

Zarauzko liburutegiak, hain zuzen, prest du Nerea Loiolaren gidaritzapean egiten dituzten literatur solasaldien udazkeneko sorta, eta helduek hilaren 18an eta 25ean izango dituzte iraileko saioak liburutegian bertan. Emillienne Malfattok idatzi eta Irati Bereauk euskaratutako Deitora zaitzala Tigrisek nobelarekin ekingo diote horiek ikasturte berriari, eta hurrengo bi hilabeteetan Katixa Agirreren Amek ez dute eta Loiolaren beraren Zebrak eta bideak liburuak jorratuko dituzte.

Haurren Tximilikuarteka taldeak, berriz, hilaren 24an egingo du ikasturteko lehen saioa, eta urriaren 29an eta azaroaren 26an izango dira segidakoak, 16:45ean hasita. Irakurketa ardatz dutela, kideek tertulia, jolasak eta bestelako ekintzak egin ohi dituzte Loiolarekin, eta jakinarazi dutenez, Daniel Hernandezen Enolaren sekretua, Alaine Agirreren Euri eta ateri –egilea bertan izango da– eta Unai Elorriagaren Jarraitu inurriari lanak jorratuko dituzte topaketa horietan, hurrenez hurren. Gazte literaturari dagokion taldeak, bestalde, urriaren 15ean egingo du lehen saioa, 16:00etan.

Herri adina aukera

Azkoitiko Irakurle Taldeak ere abiatzear du ikasturte berria: talde horrek hilaren 23an berrekingo dio aurtengo sasoiari. Anjel Lertxundik 1983an kaleratu zuen Hamaseigarrenean, aidanez eleberria izango dute hizpide irakurleek lehen saioan. Beste urte batez, Iñigo Aranbarri idazleak gidatuko du Azkoitiko taldea, eta Elkarguneko Oteiza aretoan elkartuko da, 19:00etan.

Getariako Katukale taldeak, berriz, hilaren 25ean izango du lehen saioa, eta Uxue Alberdi dinamizatzaileak zuzenduta, George Orwellek idatzi zuen Lur jota Parisen eta Londresen liburua izango dute mintzagai, 18:30ean, liburutegian. Taldea hilero elkartu ohi da literaturaren bueltan, eta bi hilero idazle gonbidatuen bisitak jasotzen ditu. Bertan parte hartu nahi duenak liburutegian eman dezake izena. Helduena ez ezik, LH 5. mailatik DBH 2. mailara arteko umeen Saguzulo irakurle taldea ere martxan da Getarian, eta kideek hilaren 17ra bitartean eman dezakete izena, liburutegia@getaria.eus helbide elektronikora mezua idatzita.

Getariakoaz gain, Zumaiako Irakurle Taldea ere Alberdik gidatzen du, eta han ere Orwellen lan berberarekin abiatuko dute sasoia hilaren 9an, 18:00etan, Alondegiko Moila gelan. Hurrengo hilabeteetako saioetan, berriz, honako liburu hauek izango dituzte hizketagai: Miren Agur Meaberen Amorante frantsesa urriaren 21ean, idazlearen parte hartzearekin; Alison Bechdel komikigilearen Fun home azaroaren 12an; eta Danele Sarriugarteren Beste zerbait abenduaren 9an. Saio guztiak ordu eta leku berean izango dira.

Zumaiara bezala, Zestoara ere egingo du bisita Meabe idazleak, hark idatzitako Itzulerak liburua irakurriko baitute han egilearekin batera hilaren 25ean (18:30) liburutegian. Zestoako taldean parte hartu nahi dutenentzako izen ematea zabalik da dagoeneko liburutegian bertan. ​​​​​​​Pako Aristik gidatzen ditu hango zein Azpeitiko taldeak, eta azken herri horretan datorren urriaren 21ean hasiko dute sasoia, liburutegian. Azpeitiko kideek oraingoz ez dute zehaztu zer liburu jorratuko duten lehenengo saioan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide