Arabako Errioxa. Mahastiak ezker-eskuin. Abuztuaren bukaera da, eta laster bilduko dituzte mahats mordoak. Mahastiak, Arabako Errioxako paisaiaren eta nortasunaren ikurrak. Ez bakarrak. Eguzki plakak ere zabaltzen ari dira, eta Labrazan parke eoliko bat egitea onartu dute administrazioek. 200 metroko zortzi haize errota izango ditu, Labrazaren ondo-ondoan. Iberdrolaren eta Eusko Jaurlaritzaren enpresa batek bultzatu du proiektua, Aixeindarrek. Piaspeko proiektua, aldiz, bertan behera geratu da. Norvegiako Statkraft enpresarena zen, eta Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako (Gipuzkoa) lurretan egin asmo zuten.
Labrazako proiektuaren kontra aritu da Unai Velilla, Arabako Errioxa Bizirik plataforman, eta Piaspekoaren aurka Maite Segurola, Sañu Bizirik-en. Bi leku, borroka bera.
Bastida esnatu da, eta bisitariak hasi dira herrian aurrera eta atzera, batzuk gidariari eta haren azalpenei segika, besteak ardo botilak jada eskuetan. Bastidan elkartu dira Velilla eta Segurola. Mendiak aske dioen tixertarekin agertu da Segurola. Velillak ez du aldarrikapenik soinean, oraindik ez baitute elastikorik prestatu. Ez dute aurkezpen askorik behar izan elkarrekin hitz egiten hasteko. Solasean ari direla, begirada mahastiez harago pausatuz gero, Arasko (Nafarroa) haize errotak ikusten dira, urrunean.