Gaur eta bihar artean itzuliko dira kanpalekuetara oporrak Euskal Herrian igaro dituzten haur sahararrak

Juan Luis Romatet 2025ko abu. 27a, 10:24

Oporrak Bakean programari esker udako oporraldia Euskal Herrian igaro duten haurrek gaur eta bihar artean hartuko dituzte kanpalekuetara itzultzeko hegaldiak. Hamar haur eskualdeko harrera familiatan egon dira, eta gainontzeko 23ak Larrabetzuko (Bizkaia) Bakeleku udalekuan, Darahli elkarteak ekarrita. 

Oporrak amaituta, Saharako desertuko errefuxiatuen kanpalekuetako errealitate gordinera itzultzeko unea heldu zaie azken hilabete inguru Euskal Herrian igaro dituzten haur sahararrei. Gaur eta bihar artean hartuko dituzte kanpalekuetara itzuliko dituzten hegaldiak Oporrak Bakean programari esker oporraldiak desertuko baldintza gordinetatik urrun pasa dituzten haurrek. Beraiekin eramango dituzte aste gutxi hauetan pilatutako esperientziak eta une gozoak. 

Guztira, 33 haur ekarri ditu aurten Darahli elkarteak. Horietatik hamar ume Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Zumaiako bederatzi harrera familiek hartu dituzte. "Bai familientzat, bai haur sahararrentzat oso esperientzia aberasgarria eta emankorra izan da. Eta orain, haur hauek, bi familia dituzte: bat Saharan eta bestea Urola bailaran", nabarmendu du koordinazio lanak egin dituen Darahli elkarteak. 

Gainontzeko 23 haurrek Larrabetzuko (Bizkaia) Bakeleku udalekuan igaro dituzte opor egunak. "Darahliko gazteen bitartez eraman da aurrera proiektua, gazteak koordinatzaile eta monitore lanetan aritu baitira. Guztira, 55 gazte inguruk hartu dute parte, gehienak zumaiarrak, baina baita zenbait azkoitiar eta azpeitiarrek ere", aipatu dute elkarteko kideek. Eguneroko ohiko ekintzak gauzatzeaz eta irteerak antolatzeaz arduratu dira boluntarioak, baita haur sahararrak medikuarengana edo dentistarengana eramateaz ere. 

Udako abentura baino gehiago

Saharako herriaren aldeko elkartasun taldearen arabera, aste hauek "abenturaz, esperientzia berriz, elkartasunez, zaintzaz, festaz, elkar ezagutzaz, barre eta algaraz" betetakoak izan dira, haurrentzako, baina baita boluntarioentzako eta harrera familientzako ere. "Tokian toki harrera-festak antolatu ditugu, askotariko ekintzak burutu, harreman-sareak eraiki, saharar herriaz, historiaz eta kulturaz gehiago ikasi dugu… Izan ere, programa hau, uda bateko abentura baino gehiago da", azpimarratu dute Darahliko lagunek. 

Programa aurrera eramaten lagundu duten udal, elkarte, gazte eta familia guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie Darahlik. Bereziki, Zumaiako eta Larrabetzuko udalei zuzendu zaie eskerrak emateko, lehenak proiektua diruz lagundu duelako, eta bigarrenak eskolako udalekua uzteaz gain, erraztasun guztiak eman dizikielako.

Datorren urrtera begira, aterpetxea berriro martzan jartzeko asmoa azaldu du Darahlik, baina ametsa Zumaian, Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan harrera-familia gehiago lortzea izango dela ere onartu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide