Nazioarte mailako taldekako proba garrantzitsuenetakoa da ISA World Surfing Games txapelketa, eta aurten El Salvadorren jokatuko dute, irailaren 5etik 14ra bitartean. Parte hartuko duten taldeen artean Espainiako selekzioa izango da. Hautatzaileak dagoeneko iragarri du zer surflarik hartuko duten parte aipatu txapelketan, eta horien artean izango dira Janire eta Annette Gonzalez-Etxabarri zumaiarrak, eta Nadia Erostarbe zarauztarra. Hirurek osatuko dute selekzioko emakumeen taldea.
Nadia Erastorbe zarauztarra Challenger's series zirkuitua ari da lehiatzen, eta gaur gaurkoz laugarrena da sailkapenean, 16.645 punturekin. Uztailaren hasieran lortu zuen Erostarbek zirkuituko lehen garaipena, Hego Afrikan, Ballito Pro txapelketan.
Janire eta Annette Gonzalez-Etxabarri zumaiarrak, beraien aldetik, Qualifying Series zirkuituko buruan dira gaur egun. Annette Gonzalez-Etxabarri da lehena, 3.220 punturekin, eta bigarren Janire Gonzalez-Etxabarri, 100 puntu gutxiagorekin. Duela aste gutxi, Kornuallesen (Erresuma Batua), podiumeko lehen postuetara igo ziren.