Distira guztiak ez dira urre

Aitziber Arzallus 2025ko abu. 2a, 10:53

Zestoako lurretan, baina Zumaiatik gertu, Beduako meandroaren ezkerraldean kokatuta dago Bedua jatetxea dagoen lonja etxea. (Wikipedia)

Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako zein Zumaiako kaleetan Bedua jatetxean aritzeko lan eskaintzak ikustea ez da batere arraroa; besteak beste, horrela topatzen dituzte langileak. Jatetxearen arduradunek langile horiei ematen dieten tratua, baina, erabat desegokia dela salatu zuen Elkar-ekin taldeak duela pare bat aste, eta Gukak hori baieztatzen duten hainbat testigantza bildu ditu.

Izen eta ospe handiko jatetxeak bat baino gehiago dira Urola Kostan. Eskualdean ez ezik, handik kanpora ere ezagunak dira horietako batzuk, ingurune zoragarrian otordu ezin hobeak egiteko aukera eskaintzen dutelako. Bedua da adibide bat, Zestoako lurretan baina Zumaiatik gertuago dagoen jatetxea. Han izan diren bezero askoren iritziak irakur daitezke Interneten, eta garestiegia dela dioenen baten esana kenduta, ia guztiak dira onak edo oso onak. "Toki zoragarria, langileak oso jatorrak eta janaria oso ona", dio batek. "Mundiala izan da zilarrezko ezteiak Beduan ospatzea; etxean sentitu gara", beste batek. "Lekua zoragarria, zerbitzua ezin hobea eta jana kalitatezkoa eta goi mailakoa", irakur daiteke beheraxeago. Eta horrela, dozenaka iruzkinez osatutako zerrenda dator. Baina esaerak dioen moduan, distira guztiak ez dira urre, eta itxura denez, Beduaren distirak ere baditu argi-ilunak. Hain zuzen ere, langileen lan baldintzak lirateke ilun horiek. Elkar-ekin taldea izan da horien berri eman duena, han lanean jardundako hainbat herritarren testigantzak oinarri hartuta. Talde horren arabera, "esplotazio egoeran" aritutako gehienak migratzaileak eta paperik eta eskubiderik gabeko herritarrak dira, asko emakumeak, "dena kontra dute, eta ez dute inolako aukerarik sentitu salaketa egiteko".

Beduako langile ohiek kontatutakoekin Elkar-ekinek kaleratutako artikuluak jokabide larrien berri ematen du. Esaterako, jatetxe horren arduradunek, unean uneko beharrak asetzeko, paperik ez duten pertsonak hartzea lehenesten dutela dio, "horiekin nahieran aritzeko". Jende gehiago beharko dutela aurreikusten duten datetan langileak epe laburrerako hartu ohi dituztela ere gaitzetsi du taldeak. "Horietako asko kaleratuak izan ohi dira egun gutxitara, eta ohikoa da langile horiei ezer ez ordaintzea, denei aitzakia bera jarrita: probaldian egon direla, eta lana ondo ez dutela egin".

Lan eskaintzek diotenak eta ondoren langileei agintzen dizkieten lanek sarri zerikusik ez dutela izaten ere esan du Elkar-ekinek. "Platerak garbitzeko jendea behar dutela adierazten dute, baina behin lanean hasita, askotariko zereginak ezartzen dizkiete langileei: zaintza lanak, etxea garbitzea, baratzean aritzea, jatetxeko garbiketa eta abar. Kasu batzuetan, nagusiak Zumaian dituen senideen etxeak garbitzera ere bidali izan dituzte langileak". Langileek lanaldi oso luzeak izatea ere ohiko jo du taldeak. "Hamabi ordu baino gehiagoko lanaldiak ohikoak dira, eta badira hamazazpi orduko lanaldiak egin dituztenak ere, jatorduak egiteko hamar-hamabost minutuko tartearekin". 

Elkar-ekinek bildutako zenbait lekukotasun arabera, langile batzuei jatetxean bertan lo egiteko ere eskatu izan die nagusiak. "Jatetxea herritik aparte dagoenez, gaueko lanak amaituta, nagusia arduratu izan da langileak Zumaiara eramateaz. 03:00etan edo 04:00etan amaitu izan dituzte bertako lanak, 09:00etan berriz lanean hasteko. Langileak herrira eraman beharrik ez izateko, bertan lo egiteko eskatu izan die nagusiak". 

Txakurrarekin lotan

Horrez gain, Elkar-ekinek adierazi du, jatetxerako ez ezik, zaintza lanak egiteko barneko langile aritzeko ere hartu izan dutela jendea Beduan. Langile ohi batek azaldutakoaren arabera, pertsona heldu batekin egin behar izaten zuen lo gelan, baina hark zarata handiak egiten zituenez, ezinezkoa zitzaion loak hartzea. Nagusiari egoera azaldu zionean, beste gela txiki batean lo egitea proposatu zion; "ohe bat zegoen han, eta ohe horretan etxeko txakurretako batek lo egiten zuen".

Elkar-ekinek artikulua kaleratu ostean, Beduan lanean aritutako hainbat lagunekin harremanetan jarri da Guka. Horietako batek, emakume migratzailea bera, nahiago izan du han bizitakoetan ez sakondu, beretzat "garai oso txarra" izan zelako eta "mingarria" egiten zaiolako han bizitakoak gogora ekartzea. Esan duen bakarra da langileak "gaizki" tratatzen dituztela Beduan. 

Azkoitiko bizilaguna den gizon gazte batek, migratzailea hura ere, xehetasun gehiago eman ditu. Azkoitian Beduarako langile bila zebiltzala zioen iragarki bat ikusita deitu zuen hara duela bi urte, eta kontatu du jatetxearen arduraduna lan elkarrizketa egitera Azkoitira bertaratu zela, probatzera joatea hitzartu zutela, eta halaxe egin zuela. Sukaldeko laguntzaile lanposturako eskaintza zen arren, Beduara iritsi bezain pronto baratzera bidali zutela esan du. "Harritura geratu nintzen baratzeko lanetan jarri nindutenean. Horretan pasatu nuen goiza, eta eguerdi aldera sartu nintzen sukaldera. Egun oso luzea izan zen; 08:00etan hasi eta 19:00etan bukatu nuen, eta tartean hogei minutu besterik ez nituen izan bazkaltzeko". Esan du hasiera batean nagusiak Zumaian etxe bat jar ziezaiokeela ere komentatu ziola. "Hasieran hala esan zidan, baina gero, ezetz, alokatuta zuelako etxe hura. Nik autoa banuen eta ez zitzaidan axola Azkoititik Beduara joan-etorrian ibiltzea. Diru premian nengoen, lana behar nuen, eta egia esan, ia edozer onartzeko prest nengoen". 

Lehen eguna oso luzea egin zitzaion arren, egunero hamar ordu sartzea onartzeko ere prest egongo zela esan du, baina egunaren amaieran gehiago ez itzultzeko esan zion nagusiak. "Proba eguna izan arren, ordaindu egingo zidala hitzartu genuen, baina bi urte joan dira eta zain jarraitzen dut. Saiatu izan naiz berarekin harremanetan jartzen, baina alferrik izan da". Esan du ez dela antzerako egoeraren bat bizitzea egokitu zaion bakarra. "Gauza bera egin dioten pertsona bat baino gehiago ezagutzen dut. Probako egunean hamar-hamabi orduz lana eginarazi, gehiago ez itzultzeko esan eta ez ordaindu; gu bezala behar gorrian daudenetaz aprobetxatzen dira". 

Beduako lan baldintza eskasen lekuko izan diren guztiak ez dira migratzaileak; Zestoako emakume batek ere halaxe baieztatu du. Uda batez aritu zen jatetxe horretan lanean, lanik gabe zegoelako eta ostalaritza gustuko zuelako. Hiru hilabeteko kontratua sinatu zuen, eta lanaldia astean hiru egunekoa izango zela adostu zuten, baina lan egutegia etengabe aldatzen ziotela kontatu du. Hitzartutakoa baino ordu gehiago sartzea ohikoa izaten zela esan du, eta ordu horiek ez zizkiotela ordaintzen, eta hark ere baieztatu du ordu laurden bat izaten zuela jateko. "Langileei ematen zieten tratua, oro har, ez zen ona; garrasika eta iseka eginez hitz egitea ohikoak ziren". Dena dela, adierazi du berari baino tratu okerragoa ematen zietela migratzaileei, "batez ere paperik ez zaukatenei".

Gukak jakin ahal izan duenez, Espainiako Lan Ministerioak salaketa anonimoak egiteko aukera ematen duen buzoira iritsi da Beduaren kontrako salaketa bat, hain zuzen ere, lan baldintzen inguruko informazioarekin. Salaketa horrek zer bide egiten duen, ordea, ikusteke dago oraindik.

Guka Beduaren arduradunekin ere jarri da harremanetan, auziaz galdetzeko. Langile ohiek esandakoak gezurtatu egin dituzte, baina ez dute beste adierazpenik egin nahi izan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide