Larunbatean jokatuko dute aurtengo Donostako Klasikoa txirrindularitza proba. 211,4 kilometroko ibilbidea egin beharko dute txirrindulariek. Lasterketa Donostian hasi eta amaituko da, baina probaren lehen zatian eskualdeko lurrak zeharkatuko dituzte. Lasterketako lehen mendatea Aia eta Asteasu (Gipuzkoa) arteko Andazarraten izango dute txirrindulariek. Hain justu, Andazarratetik barrena sartuko da lasterketa eskualdean, eta hurrenez hurren, herri hauek zeharkatuko ditu: Aia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa eta Azpeitia. Azpeitian, Urraki mendatea igo beharko dute txirrindulariek. Urraki gainditutakoan, Tolosaldera egingo du jauzia lasterketak. Lasterketak, eskualdeko trafikoan eragina izango du, eta hainbat errepide itxita egongo dira lasterketan zehar.
Hasteko, Orioko gainetik Zarautzera arteko trafikoa moztuta egongo da, goizeko 11:00etatik lasterketa igaro arte (13:00ak aldera, gutxi gorabehera). Tarte horretan Zarautz aldera joan beharra izanez gero, autopistatik joan beharko da, Donostia aldera irten eta Aritzetan norabidea aldatuta.
Zarautzen, lasterketak Nafarroa kaleko trafikoari eragingo dio. Txirrindulariak Zarautzera 12:30 inguruan iristea aurreikusten da, beraz, Nafarroa kalea 30 minutu lehenagotik egongo da itxita. Txirrindulariak igaro bezain laster irekiko da berriz ere errepidea.
Kostako errepidetik barrena iritsiko da tropela Zumaiara. Etxezarreta kaletik helduko da 12:48ak aldera, eta behin Axular, Txikierdi eta Narrondo igarota, Arroa Behetik Zestoarako bidea hartuko dute. Gauzak horrela, Zumaiako sarrera eta irteerak itxita egongo dira 11:45etik 13:00etara.
Zestoatik barrena, Azpeitira iritsiko da lasterketa, eta Azpeitia izango da Donostiako Klasikoa igaroko den eskualdeko azken herria. Azpeititik Tolosaldera igaroko da tropela, Urola Kosta atzean utziz.