Urola Kostatik Boiseko Jaialdira

Ane Olaizola 2025ko uzt. 31a, 11:32

Trikilintxo, Boiseko Jaialdian. (Trikilintxo)

Egitarau ofizialaren barruan, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Mikel Larrañaga aizkolariak zein Mikel Lopetegi Urra , Imanol Royo  Lartain eta Paulo Azpiazu harri jasotzaileek erakustaldia eskainiko dute gaur Jaialdian, eta beren kabuz antolatuta joana, berriz, Trikilintxo kuadrilla; talde horrek kontzertua eman du Boisen bertan. 

Euskal jatorriko amerikarrek bost urtero antolatzen duten Jaialdia egiten ari dira egunotan Boisen (AEB), eta ohikoa den moduan euskal komunitate zabala elkartu da Ameriketako Estatu Batuetako Idaho estatuko hiriburuan, euskal sustraiei omenaldia egiteko zein Euskal Herritik herrialde horretara joandako belaunaldiak gogoratzeko asmoz. Tartean izango dira Euskal Herriko ordezkariak, eta horien artean dira eskualdeko hainbat kirolari: Julen Alberdi Txikia IV.a eta Mikel Larrañaga aizkolariak zein Mikel Lopetegi Urra, Imanol Royo Lartain eta Paulo Azpiazu harri jasotzailea; izan ere, horiek guztiak erakustaldia eskaintzekoa dira beste hainbat herri kirolarirekin batera gaur.

Ordezkariak ez ezik, bisitari ugari ere erakartzen ditu Boseko Jaialdiak, eta hain zuzen, Azkoitiko lagun talde bat ere bada han: Trikilintxo. Izenak berak dioen moduan, hainbat trikitilarik eta trikiti zalek osatzen dute taldea, eta bere kabuz antolatuta joan da kuadrilla Jaialdira; hain zuzen, kontzertu bat ere eskaini du Penggillys Salon aretoan, Basque Block gunetik 200 bat metrora.

Ezkerrean Mikel Larrañaga eta Txikia IV.a aizkolariak, Boisen. (Jaialdi)

Ezkerrean Urra eta Lartain; eskuinetik bigarrena, Azpiazu. (Jaialdi)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide