Urola bailarako bide berdea datorren urte amaierarako edo 2027. urte hasierarako bukatuta egongo dela adierazi dute proiektu horretan eskumena duten instituzioek. Zumarraga eta Iraeta arteko zatia eginda dago, baita Zumaia eta Narrondo artekoa ere. Iraeta eta Narrondo lotuko dituen 4,2 kilometroko zatia falta da bidegorria amaitu eta Zumarraga eta Zumaia arteko distantzia bizikletan edo oinez egin ahal izateko. Hutsune hori betetzeko asmoz, pasa den astean hasi ziren hondeamakinak Narrondo eta Arroagoia arteko bidegorriko lanak egiten.
Horren berri emateko agerraldia egini dute gaur goizean Arroabeko Sansinenea industrialdean. Bertan izan dira Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatua, Miguel Angel Paez Eusko Jaurlaritzako Azpiegituretako eta Mugikortasun Jasangarriko sailburuordea, Clara Navas Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendaria, Zestoako alkate Mikel Arregi, Zumaiako alkate Iñaki Ostolaza eta Zumarragako alkate Mikel Serrano.
Agerraldian aldundiko teknikari batek azaldu duenez, bidegorriaren Iraeta eta Narrondo arteko lanak hiru zatitan egingo dituzte, eta pasa den astean abiatutuakoak lehen zatiari dagozkionak dira. Arroabeko bidegurutzean, Bombas Azcue enpresa dagoen puntutik Arroagoira arteko tartea egingo dute lehendabizi. Bidegorriaren zati hori Urola treneko plataforma zenaren gainetik joango da, eta AP-8 autobideko eta GI-631 errepide azpitik igaroko da bi puntutan, trenaren Arroako tuneleko iparraldeko ahoarekin bat egin arte.
Bitartean, Urola treneko Arroabeko geltoki ohia eta Narrondo arteko zatia ere egingo dute. Teknikariaren esanetan, hori izango dute lanik zailena, %5,5eko pendiz baten bidez bidearen gainean dagoen tren geltokia eta N-634 errepidea lotu beharko dituztelako. Bidegorriaren zati hori, Narrondora artekoa, N-634 errepidearen albotik joango da, bere garaian iragarri zuten bezala. Narrondon, egun Zumaiaraino doan bidegorriarekin lotuko dute.
Bidegorriak lau metroko zabalera izango duela ere esan dute, N-634ren gainetik pasatzen den trenzubiaren inguruan izan ezik; han hiru metrokoa izango da zabalera, arazo teknikoak daudelako lau metrora heltzeko. Asfaltatutako eta argiztatutako bidegorria izango dela ere azaldu du adundiko teknikariak.
Aipatu lanek 2,8 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta Europako Next Generation funtsekin finantzatuko dituzte. Lanak egiteko epea bederatzi hilabetekoa dela iragarri dute. Lan horiek egiteko Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere izan dute. Izan ere, Euskal Trenbide Sareak egin ditu Urola tren zaharreko Iraetako eta Arroako tunelen egonkortze lanak. Lau milioi euro inguruko kostua izan dute lan horiek.
Azken zatia, datorren urtean
Behin Narrondo eta Arroagoia arteko zatia eginda, bidegorria Iraetaraino eramatea geratuko da bailarako bide berde sarea osatzeko. Aldundiko teknikariak zein Asensio diputatuak azaldu dutenez, zati horren inguruko informazioa dagoeneko badute, eta lanak lehiaketara ateratzea eta lizitatzea geratuko da. Dena ondo bidean, eta aurrekonturik bada – "egongo da", esan du Asensiok –, lanak datorren urtean hasiko dituztela aurreikusi dute. Urola bailarako sarea 2026ko amaieran edo 2027ko hasieran bukatuta egotea espero dute.
Ekitaldian izan diren alkateek beraien poza adierazi dute bidegorria amaituko duten lanak martxan direla jakitean. Hirurek ere Urolako trena izan dute gogoan beraien hitzetan. "Malenkonia" hitza erabili du Ostolaza Zumaiako alkateak Urolako trena gogoratzean, eta ondo ikusi du haren bidea erabiltzea bidegorria egiteko. Gaineratu du oso positiboa dela Arroa, Narrondo eta Zumaia arteko bidegorria amaitzea, "harremanak errazteko".
Arregi Zestoako alkateak, bere aldetik, esan du bailarako aldarrikapena dela bidegorriarena. "Lan horiek amaitzea bailara osorako ona izango da, eta Urola barnealdera jendea ekartzeko baliagarria izango", adierazi du.
Asensiok, bere aldetik, goraipatu du "bidegorrien bilakaera izugarria" izan dela, eta lanketa hori "denon artean" egin dela. "Bailarak 47 kilometroko korridore bat izango du, eta halakorik ez dago lurraldean. Zumarragatik Zumaiarako bidegorria izango da, eta hori bada zerbait", nabarmendu du.