Negozio zirkularrak garatzeko Talcir proiektua sustatuko dute Urkomek eta Iraurgi Berritzenek

Maddi Txintxurreta 2025ko abu. 1a, 08:10

Ekonomia zirkularrean espezializatutako langileen eskasiari erantzutea eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko helburuak ditu Talcir proiektuak.

Gipuzkoan eta Nafarroan negozio zirkularren garapena sustatzeko eta pertsona zaurgarrien enplegagarritasuna hobetzeko Talcir proiektua sortu dute hainbat eragilek, eta tartean dira Urola Erdiko Iraurgi Berritzen garapen agentzia eta Urkome, Urola Kostako Landa Garapeneko Elkartea.

Proiektuaren sustatzaileek azaldu dutenez, Talcir egitasmoak bi erronkari erantzun nahi die: ekonomia zirkularra bezalako sektore estrategikoetan espezializatutako langileen eskasiari eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko beharrari.

Proiektuak "ikaskuntza eta lankidetzarako ekosistema inklusiboa" izatea du helburu, eta bertan, hirugarren sektoreko eragileek, administrazio publikoek, enpresek eta ikastetxeek parte hartuko dute. Ekonomia zirkularraren sektorean aritzen diren negozioei eta langileei zuzenduko zaie egitasmoa, zehazki, nekazaritzako elikagaien eta industriaren sektoreei, eta "lan merkatuaren benetako beharretara egokitutako prestakuntza ibilbideak diseinatzea, gizarteratzea eta laneratzea" sustatuko du. Horretarako, gaitasun teknikoak, digitalak eta jasangarriak sustatuko dituzte sektoreko enpresen eta langileen artean.

Erreferentzia izateko asmoa

Iraurgi Berritzen eta Urkomez gain, Sutargik, Dekosocial Fundazioak, Debemenek eta Koine-Aequalitas Fundazioak osatzen dute Talcir sustatuko duen taldea. Proiektuak 152.789,14 euroko dirulaguntza eskatu dio Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioari, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Bestalde, parte hartuko duten erakundeen ekarpena 305.578,28 eurokoa izango da.

Talcir Nafarroan eta Gipuzkoan garatuko dute, eta Espainiako Estatuko beste eskualde batzuetarako erreferentzia bihurtzeko asmoa du.

"Sei erakundeen arteko lurralde arteko lankidetzak aukera ematen du proiektuari ikuspegi integral, partekatu eta osagarri batetik heltzeko, ekonomia zirkularraren aldeko apustua egiten duten tokiko eta eskualdeko sareak indartuz, eraldaketarako palanka gisa", azaldu dute sustatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide