Karabela portugesak agertu dira egunotan Getarian, Orion eta Zumaian

Juan Luis Romatet eta Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 29a, 16:14

Egunotan Zumaiako Santiago hondartzara heldutako karabela portugesaren ale bat. (Maria Lopez)

Getariako Gaztetape eta Zumaiako Itzurun hondartzetan bandera gorriak jarri dituzte gaur, eta bainua debekatu, ale asko agertu direlako. Santiagora ere heldu dira, eta atzo ehundik gora atera zituztela adierazi dute sorosleek. Zenbait pertsonek ziztadak ere jaso dituzte Itzurunen, zein Santiagon, baita Orioko Antilla hondartzan ere. 

Azken urteetan bezala, aurtengo udan ere hasi dira karabela portugesak agertzen inguruko hondartzetan. Getarian, esaterako, Gaztetape hondartzan bandera gorria jarri dute gaur, 30 karabelatik gora agertu direlako, "oso txikiak" izan arren, Gurutze Gorriko sorosleek Gukari azaldu diotenez. Zumaiako Itzurunen ere bandera gorria jarri dute gaur eguerdian. Bainua debekatu dute bietan.

Sorosleek esan dutenez, bi ale atera zituzten ostegunean Itzurunen, eta ostiralean ere beste pare bat ikusi zituzten. Asteburuarekin batera, areagotu egin zen karabela kopurua, eta ziztadak jaso zituzten pertsonen lehen kasuak izan zituzten: bi Itzurunen eta bat Santiagon. Atzo beste kasu bat izan zuten Itzurunen, haur batek jaso zuen ziztada, eta anbulantziari deitu behar izan zioten, haurrak zuen minagatik. 

Aurreko sasoiekin alderatuta, berrikuntza bat badago sorosleen arabera, eta da ale oso txikiak heltzen ari direla kostaldera. "Normalean marmoka handiak heldu izan dira, eta halakoak ari dira heltzen Itzurunera. Baina Santiagora oso txikiak ere heldu dira. Atzo ehunka aterako genituen", adierazi du Maria Lopez sorosleak. 

Orion ere agertu dira karabela portugesak, baina sorospen zerbitzukoek Gukari adierazi diotenez, igandean bi ziztadaren berri izan zuten, eta ordutik ez dute ikusi marmokaren antza duen espezie horretako alerik. Bi ziztaden artean bi ordu eta erdiko tartea egon zela gaineratu dute sorosleek, eta horregatik, neurri berezirik ez zutela hartu beharrik izan. 

Protokoloa jarraitu

Karabela portugesen begiztatzea eta ziztadak badaude, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zehaztutako protokoloa jarraitu behar izaten dute hondartzetako sorosleek. Karabelak ikusten badituzte, bandera horia eta marmoken logotipoaren bandera igo behar izaten dute sorosleek, baita megafonia bidezko mezua igorri ere. Aldiz, bainu eremuan karabelen bi ziztada izaten badira, eta hamar begiztapen edo gehiago badaude, bandera gorria igoko dute marmoken banderarekin batera, baita bainua debekatu ere.

Hori gertatu da, adibidez, gaur eguerdian Itzurun hondartzan. Ziztadarik ez da izan, baina karabela portugesak begiztatu dituzte, eta, ondorioz, bainua debekatzen duen bandera gorria igo dute. 

Sorosleek jarraipena bi orduro egingo dute, aldagai guztiak kontuan hartuta: marea, haizeak, eta abar. Bi ordu horietan karabelarik ikusten ez bada, edota ziztada berririk ez bada, bandera gorria jaitsi eta horia igoko dute, megafoniatik horren berri emanez. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide