30 urtetik beherako herritarrek eska dezakete Global Training nazioarteko beka, eta izena emateko epea zabalik dago irailaren 12ra arte, Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) jakinarazi duenez. Erakundeak azaldu du beka hori jasotzen dutenek aukera izango dutela euren profil akademiko eta profesionalarekin lotura duen jarduera eta proiektuetan praktika ordainduak egiteko atzerriko herrialdeetan.
UKUEren arabera, guztira 445 beka eskainiko dituzte; eta gutxienez 6 hilabeteko eta gehienez 12 hilabeteko praktikaldiak izango dira. Atzerrira joan aurretik 40-60 orduko aldez aurreko prestakuntza jasoko dute gazteek, eta beka bakoitzak hileko 1.635 euroko (gordin) ordainsaria eskainiko du.
Beka eskatu ahal izateko hainbat ezaugarri bete behar dira: 29 urte edo gutxiago edukitzea; diplomatura, lizentziatura edo goi mailako lanbide heziketa titulua edukitzea; ingeleseko B2-B1 maila egiaztatzea; eta Araba, Bizkai edo Gipuzkoan erroldatuta egotea, gutxienez azken urtebetean.
Eskaera egiteko informazioa esteka honetan dago eskuragarri, baita bekari buruzko informazio osagarria ere.