Gaurtik igandera bitartean santio-santanak ospatuko dituzte Zestoako Arroagoian eta Aiako Santio Errekan.
Arroan festen kateak jarraitu egingo du. Arroabean karmenak bukatuta, Arroagoian hasiko dituzte jaiak gaur. 20:00etan botako dute festak hasteko suziria. Segidan, trikipoteoa eta herri afaria egingo dituzte, eta Patx DJaren saioarekin bukatuko dituzte jaietako aurreneko eguneko ekitaldiak.
Gainontzeko egunetarako adin eta gustu guztiak dituztenentzako herri giroko ekintzak prestatu dituzte Arroagoian: patata tortilla eta sagardo lehiaketak, esku pilota partidak, herri kirolak, erromeriak, haurrentzako jolasak, bakarrizketa saioa, txirrindularien Tolareko Igoera... Aurreko urteko jaien ildotik antolatu dituzte aurtengoak ere.
Gipuzkoako lehia
Aiako Santio Errekan Arroagoian baino festetako egitarau luzeagoa dute antolatuta. Hilaren 19an hasi zituzten jaiak, eta uztailaren 30era arte ospatuko dituzte.
Harri Txikien Gipuzkoako Txapelketan zortzi harri jasotzaile ariko dira nor baino nor bihar Santio Errekan, 12:30ean hasita. Izan ere, Santio jaien barruan antolatu dute ekitaldia, eta Santio egunez jokatuko dute. Zortzi harri jasotzaile lehiatuko dira: Elene eta Udane Ostolaza ahizpa oriotarrak, Olaia Esnaola azpeitiarra, Maddi Gesalaga, Lierni Osa eta Ainitze Zumeta zarauztarrak, Malen Morandeira eta Goizeder Abendibar.
Santa Ana egunez, hilaren 26an, egingo duten auzo bazkarirako txartelak aldez aurretik erosi behar dira Sega erretegian, Portu jatetxean edo Errusta tabernan. Menua 25 eurokoa izango da: marmitakoa, txahal saiheskia eta postrea (edaria barne). Oilasko biltzeko afarirako ere aldez aurretik erosi beharko dira sarrerak, txosnan edo Portu jatetxean.
Azkenik, mus txapelketan parte hartu ahal izateko, egunean bertan eman beharko da izena, igandean, 16:00etan.
Egitarauak
Arroagoia (Zestoa)
Gaur, osteguna. Santio bezpera
- 20:00. Txupinazoa.
- Jarraian, trikipoteoa.
- 21:00. Herri afaria, trikitilariek girotuta.
- 23:30. Erromeria Obaneuke taldearekin (tartean, dantza lehiaketa).
- 03:00. Patx DJa.
Bihar, ostirala. Santio eguna
- 11:30. Tortilla eta sagardo txapelketa (tortillak 11:00etarako aurkeztu behar dira).
- 12:00. Esku pilota partidak, frontoian. Pilota partidak: Naroa Gastiain-Peru Aldalur bikotea Uxue Loiola-Laia Gastiain bikotearen kontra eta Xabat Sasiain-Oier Alonso bikotea Aritz Olaizola-Julen Odriozola bikotearen aurka.
- 18:30. Herri kirolak, Lanberri eta Naiara trikitilariek alaituta. Aizkoran: Biurri eta Joxan Etxeberria. Harri jasotzen. Elene Ostolaza eta Udane Ostolaza.
- 22:30. Argazki proiekzioa.
- 23:00. Izer eta Alabier trikitilariekin dantzaldia.
- 02:00. Indate DJa.
Etzi, larunbata. Santa Ana eguna
- 11:00. Meza nagusia.
- Ondoren, jubilatuentzat hamaiketakoa eta bingoa, Akulu bertsolariak alaituta.
- 17:30. Bakarrizketa saioa, Ander Malbadi eta Mirari Martiarenarekin.
- 19:00. Herritarren arteko herri kirolak.
- 23:00. Bide Batez taldearekin erromeria.
- 02:00. Indate DJa.
Uztailak 27, igandea
- 11:00. Tolareko Igoera.
- 12:00. Altxorraren bila.
- 14:00. Umeen bazkaria.
- 16:30. Umeentzako jolasak. Izen ematea 16:00etan zabalduko dute.
- 17:30. Apar festa.
- Jarraian, txokolatada.
- 23:00. Iruzta taldearekin dantzaldia. Otarrearen zozketa eta argazki lehiaketako irabazlea.
Santio Erreka (Aia)
Gaur, osteguna. Santio bezpera
- 19:30. Tren geltokitik hasi, eta, goizaldera arte, Kultur Defender, Hidalgo eta Davila DJen eskutik.
Bihar, ostirala. Santio eguna
- 10:30. Meza.
- Ondoren, zaharren hamaiketakoa.
- Jarraian, Emakumeen Harri Txiki txapelketa.
- 16:30-19:30. Puzgarriak, frontoian.
- 19:00. Tren geltokitik hasita, Hamarru elektrotxaranga.
- 23:00. Bide Batez taldearekin erromeria.
Etzi, larunbata. Santa Ana eguna
- 10:30. Meza.
- 11:30. Santioko, Ortzaikako eta Aiako gazteen herri kirol desafioa.
- 14:30. Auzo bazkaria, auzokoen eskutik, Alaitz eta Garazik alaituta eta Larrume, Iñaki Gurrutxaga eta Iker Zubeldia bertsolariekin.
- 00:00. Abiba Diskojaia.
Uztailak 27, igandea
- 12:00. Ume jolasak.
- 16:30. Mus txapelketa.
Uztailak 30, asteazkena
- 21:00. Oilasko biltzeko afaria.