Aizkora eta harri jasotzea konbinatu dituen Kirol Herria herri kirolen txapelketako finala jokatu zuten atzo arratsaldez Zumaian, Eusebio Gurrutxaga plazan. Herri kirolen "ikuspegi berritzailea" eskaintzea helburu izan du txapelketa horrek, "parekidetasuna, ikusgarritasuna eta goi mailako kirola" sustatuz. Liga formatuan jokatuta, lehen kanporaketa Deban egin zuten ekainaren 15ean, eta handik sei egunera jokatu zuten bigarrena, Aian. Bi jardunaldi horietan erabaki zuten zer bi laukote neurtuko ziren finalean.
Izan ere, bina aizkolariz eta harri jasotzailez osatu dituzte laukoteak. Zumaian jokatutako finalean, talde urdinean, Beñat Telleria eta Maddi Gesalaga zarauztarra aritu ziren harri-jasotzen, eta Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Nerea Arruti aizkoran. Talde gorria, bere aldetik, Estefania Etxebeste eta Paulo Azpiazu harri jasotzaileek, eta Julen Alberdi Txikia IV.a eta Oihana Barrena aizkolariek osatu zuten. Alberdi azkoitiarra da eta Azpiazu, berriz, Zarauzko bizilaguna.
Proba konbinatua izanik, bi modalitaten lortutako emaitzak hartu zituzten kontuan irabazlea erabakitzeko orduan. Hala ere, ezusteko bat izan zen: azken probari ekin aurretik, Maddi Gelasaga lesionatu egin zen, eta ezin izan zuen bere lana egin. Elkarren artean hitz eginda, lehiatik harri-jasotzen arituko ziren bi emakumeak lehiatik kendu zituzten, proba jokatu aurretik talde gorriari garaipena emanaz. Azken proba horretan ere emozioa izan zen ikusleen gozamenerako. Talde urdina aurretik joan zen, baina azken aizkorakadetan gorriek irabaztea lortu zuten.
Azken emaitzari so eginez, 8 puntu lortu zituzten Etxebestek, Azpiazuk, Txikia IV.ak eta Barrenak; Gesalagak, Telleriak, Larrañagak eta Arrutik, bere aldetik, 3 puntu batu zituzten.
Argazkiak: Ibon Errazu.