Gipuzkoako gastronomian aritzen diren belaunaldi berriak saritzea helburu duten Gastronomika Talent sariak banatu zituzten atzo, Donostiako Maria Cristina hotelean. Eskualdeko bi establezimenduk jaso dute saria: Azpeitiko Mendizaliek jatetxeak eta Zarauzko Masta tabernak.
Hain zuzen ere, jatetxe jasangarriaren saria jaso zuten atzo Mendizaliek jatetxeko Nahia Plazaolak eta Julen Berrondok, eta produktuaren trataeraren saria, berriz, Masta tabernako Javier Otxoak, Garikoitz Arruabarrenak eta Judit Ayagok.
Beste sari batzuetarako hautagaien artean baziren eskualdeko sukaldariak eta jatetxeak: Jokin Larrañaga Donostiako Astelena 1997 jatetxeko sukaldari azkoitiarra; Zumaiako Muina tabernako Rocio Maeso, Ander Rodriguez, Amaia Rodriguez eta Mikel Toledo; eta Getariako Elkano jatetxeko Koldo Manterola.
Gastronomika Talent sarietako aurtengo epaimahaia Elena Arzak, Martin Berasategi eta David de Jorge sukaldariek osatu dute, Mikel Ubarretxena Gipuzkoako Ostalaritzako presidentearekin, Basque Culinary Centerreko zuzendaritza kide Idoia Callejarekin nahiz Guille Viglione gastronomoarekin batera.